JxCren ezezkoak kolokan jarri ditu Espainiako Gobernuaren azken neurri ekonomikoak

Juntsek iragarri du ez dituela onartuko besteak beste garraiorako laguntzak, elikagaien BEZ murriztua eta bankuen eta konpainia elektrikoen zerga bereziak luzatzen dituzten dekretuak. Podemosek ere ezezkoa iragarri dio langabezia subsidioaren erreformari.

jordi turull
Jordi Turull Junts per Catalunyako idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 8a
13:05
Entzun

Parlamentuko aritmetika konplikatu bati esker jarraitzen du Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko lehendakaritzan, eta aritmetika horrek baldintzatuko dio legealdi osoa. Hasieratik, gainera. Bihar iritsiko da Kongresura Sanchezen gobernuak iaz urte amaieran onartutako neurri sorta berresteko ordua, eta, gaur-gaurkoz, ez da batere ziurra aurrera egingo ote duen. Juntsek aurkako botoa emango duela berretsi du, eta Podemosek ere iragarri du langabezia subsidioaren aurkako botoa emango duela. Aldiz, EAJk iragarri du baiezkoa emango duela, «erantzukizunagatik». ERCk eta EH Bilduk eskatu dute dekretuok lege proposamen gisara tramita daitezela, zuzenketak egin ahal izateko.

Talde horien botorik gabe, bertan behera geratuko dira urtearen amaieran onartutako neurri ekonomikoak, hala nola garraio publikoa merkatzeko laguntzak, oinarrizko elikagaien BEZa jaistea, energiaren gaineko zergetan egindako aldaketak, eta bankuen eta energia konpainien gaineko zerga bereziak. Dekretu batean biltzen dira neurri horiek, baina beste biri buruzko bozketa ere badago asteazkenean Kongresuan: lana eta bizitza pertsonala kontziliatzeko Europako Batasunaren arau bat lege bihurtzeko dekretu bat, eta loturarik gabeko gai asko biltzen dituen dekretu bat.

Batez ere azken horrek eragin du JxCren protesta, haien ustez bertan behera utz baitezake auzipetutako eta zigortutako independentista katalanen aldeko amnistia. Izan ere, dekretuak dioenez, auzitegi batek arau bati buruzko zalantza azaltzen dionean Europako Justizia Auzitegiari, arau horren aplikazioa eten egingo da behin-behinean.  JxCk argi utzi nahi dio Sanchezi haien babesa ez dagoela bermatuta:  «PSOEk ez du egonkortasun itun bat sinatu, eta aurrerapausoak egon behar dira neurriak aurrera atera nahi baditu», esan zuen atzo Josep Rius eledunak. 

Subsidioa eta erretiroa

Podemosek ere ez du alferrik galdu nahi bere garrantzia nabarmentzeko lehen abagunea. Langabezia subsidioaren erreformarekin du desadostasuna hark, erreformak txikitu egingo baitu sari hori jasotzen duten 52 urtetik gorakoen erretirorako kotizazioa, eta, hortaz, baita pentsioa ere. Gaur egun, kotizazio oinarriaren %125 jartzen du gobernuak egoera horretan dauden langabeentzat, baina %105era murriztu nahi du 2027rako. Lan Ministerioak, berriz, argudiatu du subsidioaren kotizazioa handitu zutela gutxieneko soldata oso txikia zen garai batean, baina orain eragiten dutela subsidioa kobratzen duten batzuek gehiago kotizatzea gutxieneko soldata jasotzen duten langileek baino.

Ustezko aliatuen laguntzarik gabe, Sanchezen aukeretako bat zen PPren abstentzioa lortzea, baina aukera hori ia erabat baztertu zuen atzo Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak.

KOLOKAN DAUDEN NEURRIAK

  1. Argindarraren BEZa ez da oraindik pandemia aurreko %21era itzuliko, baina igotzen hasiko da. Murriztuta egon da %5era, baina urte berriarekin %10era igo da. Gainera, argindarraren gaineko zerga berezia %0,5etik ohiko %5,1era itzuliko da urratsez urrats: 2024ko lehen hiruhilekoan %2,5era igo da, eta bigarrenean, %3,8ra. Argindar konpainientzako sorkuntza zergak ere ezeztatuta egoteari utziko dio, eta mailaka handituz joango da.

  2. Gasaren gaineko BEZa egungo %5etik %21era igoko da, sasoirik hotzena igarotakoan.

  3. Bonu sozialen deskontuek gehiengoan jarraituko dute: %65eraino bezero zaurgarrientzat (%25en ordez) eta %80raino oso zaurgarrientzat (%40).

  4. Gutxienez ekaineraino, ez dute BEZik izango ogiak, irinak, esneak, arrautzek, frutak, barazkiak, tuberkuluek eta zerealek. Pastaren eta olioaren gaineko BEZa %10etik %5era apalduta egongo da.

  5. Renferen aldirikoetako bonuek doakoak izaten jarraituko dute, eta gainerako garraio publikoak erdi prezioan geratuko dira, Espainiako Gobernuak lagunduko baitu txartelaren %30, betiere erkidegoek beste %20 jartzen badute.

  6. Zerga finko bilakatuko dira bankuen eta energia konpainien gaineko zerga bereziak. Azken horiek, ordea, kenkariak izango dituzte deskarbonizazioa dakarten inbertsio estrategikoetan. Bi zergak itunduko dira EAErekin eta Nafarroarekin.
  7. Fortuna handien gaineko elkartasunezko zerga ere beste urte batez luzatuko da.

  8. 2025era arte luzatuko da pertsona zaurgarriak etxegabetzeko debekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.