Konkurtso Legea aldatuko dute hartzekodunekin akordioak errazteko

Gobernuak uste du inbertsiogileei berme handiagoak emateak enpresei bideragarri izaten lagunduko diela

2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Zorrak ordaindu ezin dituzten enpresek bi aukera dituzte egun: bata, hartzekodunekin zorraren ordainketa berriz negoziatzea; bestea, Konkurtso Legera jotzea. Akordioaren bidea, ordea, Konkurtso Legean amaitzen da askotan, hartzekodun guztiek onartu behar baitituzte hitzartutako baldintzak. Eta Konkurtso Legera jotzeak enpresa ixtea esan nahi du. Konkurtso Legea aldatzeko lege proiektua onartuta, hori guztia errazteko bidea hasi du Espainiako Gobernuak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteordearen hitzetan, «erreforma garrantzitsua izango da, enpresen bideragarritasuna erraztuko duelako».

Konkurtso Legera jo behar izatea saihesteko, enpresei zorra berriz negoziatzeko oztopoak kentzea da erreformaren helburua. Hala, nahikoa izango da akordioaren baldintzak hartzekodunen gehiengoak —%75ek— babestea, guztiak ados egoteko beharrik gabe. Hartzekodunekin akordiora iritsi diren enpresa horiei finantzaketa ematen dieten erakunde eta inbertsiogileei berme handiagoak emango dizkie legeak. Hau da, jartzen duten dirua bueltan jasoko dutela ziurtatzeko neurriak jasoko ditu erreformak.

Hartzekodunak inbertsore

Dirua hartzekodunek jartzeko aukera ere jasoko du erreformak. Haiek jarritakoaren erdia mailegu gisa hartuko litzateke, eta enpresa zorrak ordaintzen hasten denean, diru hori izango litzateke itzuli beharko lukeen aurrena.

Zorrak berriz negoziatzeko era bat baino gehiagotako akordioak egiteko aukera egongo da. Erreformak, baina, epaitegietatik kanpo egiten diren hitzarmenak sustatuko ditu. Akordio horiek zordunaren ondareari ahalik eta balio handiena ematea ahalbidetuko dutela uste du Espainiako Gobernuak, eta horrela errazagoa izango dela enpresa berriz bideragarri egitea. Zorra berriz finantzatzeko hitzarmena babesten ez duten hartzekodunei ere mesede egingo die horrek.

Kongresutik pasa ostean, lege berria uda aurretik indarrean sartzea espero du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.