zergak

Konstituzionalera jotzea aztertzen ari da Gipuzkoa Kutxabankekin duen auzian

Bankuari 30 milioi euro itzultzeko agindu dio Espainiako Auzitegi Gorenak, lehen jasotakoak eta horiei dagozkien interesak.

Kutxabanken lehen kartelak jartzen bankuaren bulego batean, 2012ko urtarrilean. MARISOL RAMIREZ, ARP
jon ordonez garmendia
2014ko martxoaren 25a
12:24
Entzun

Gipuzkoako Aldundia ez dago ados Gorenaren erabakiarekin, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea aztertzen ari da. Aitortzen dute Diputazioan ez dela erraza izango horrek helegitea onartzea, baina zer aukera dagoen aztertzen ari dira. Larraitz Ugarte bozeramaileak esan du "albiste oso txarra" dela gipuzkoarrentzat.

Auzia 2006koa da. Kutxak Repsolen akzioen harira 94,7 milioi euro bereganatu zituen 1997tik 2004ra, eta sozietate zergan 27,2 ordaindu behar izan zizkion Gipuzkoako Ogasunari. Horrekin ados ez, ordea, eta auzibidera jo zuen, soilik 4,2 ordaindu behar zituelakoan. Argudiatu zuen akzio horiek ez zituela zuzenean kudeatzen, zeharka baizik, Repinves sozietatearen bitartez.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Ogasunari, baina Gorenaren erabakiak likidazioa baliogabetu du eta ondorioz, 21,5  milioi itzuli beharko dizkio Aldundiak Kutxabanki, eta horiei dagozkien interesak. Guztira 30 milioi euro inguru dira.

Victor Bravok bere gain hartu zituen ikuskaritzak

Ugartek, ordea, zehaztu du Gorenaren epaia ez dela auziaren muinera sartu. Azaldu du Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela iruzur fiskala egon zela "Kutxak Gipuzkoari gutxiago ordain ziezaion". 2001. urtean Gipuzkoako Ogasunak egin zuten ikuskaritzan, ordea, ez zuen detektatu. Ondorioz,  Aldundiaren bozeramaileak nabarmendu du Gorenak ebatzi duena dela 2006an bigarren aldiz ikuskatu eta antzemateak ez duela balio, eta horren ondorioz itzuli beharko duela dirua.

Ugartek jakinarazi du, gainera, lehen ikuskaritza egin zenean Victor Bravo zela Ogasun zuzendari, eta horrek ikuskaritzak egiteko ardura bere gain hartu zuela langileen funtzioak aldatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.