Espainiako Gobernuak hautatutako aditu taldeak amaitu du pentsioen erreformari buruzko txostena. Gaur bertan onartu du testua, eta, Efe berri agentziaren arabera, hamabi kideen artean batek kontra bozkatu du eta beste bat abstenitu egin da. Gainera, hiru boto partikular aurkeztu dituzte. Santos Ruesga Ekonomia katedradunak eman du kontrako botoa, eta Jose Luis Tortuero Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzenbide katedraduna abstenitu da, berria agentziaren arabera. UGT eta PSOEren gertukoak dira biak. Txostenari zehaztapenak eginez, boto partikular bana aurkeztu dute biek, eta hirugarren boto partikularra Angel Garcia Diaz Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatuak aurkeztu du. CCOO sindikatuaren gertukoa da Garcia Diaz.
Pentsioen erreforma da Europako Batzordeak Espainiari eskatutako erreforma estruktural horietako bat. Orain hilabete inguru, Gobernuak hamabi lagunez osatutako adituen batzorde bati agindu zion iraunkortasun faktorea biltzen zuen erreforma baten proposamena egiteko. Hark gaur bertan aurketu dezake prestatu duen txostena.
Orain artean, pentsioak KPIaren arabera eguneratzen ziren urtero. Hainbat iturriren arabera, horren ordez, eguneraketa pentsio sistemaren diru-sarrerak eta gastuak kontuan hartuta egitea proposatuko du adituen batzordeak. Hau da, pentsio berriei ez ezik, lehendik kobratzen zutenei ere eragingo die aldaketak, eta egoera ekonomiko txarreko garaietan, eros ahalmena galduko dute.
Pentsio berriei soilik eragingo dien aldaketa bat ere nahi du adituen batzordeak: diru kopurua kalkulatzeko orduan, une horretako bizi itxaropena hartzea kontuan.
Toledoko Batzordean eztabaidagai
Adituen batzordeak Gobernuari aurkeztuko dio txostena, eta hark Toledoko batzordearen esku utziko du. Han eztabaidatuko dute alderdi politiko, sindikatu eta patronalek. Espainiak Bruselari agindu dio erreforma prest izango duela irailerako.
Dezenteko kostu politikoa izan dezakeen erreforma denez, Espainiako Gobernua saiatuko da gainerako alderdiekin eta sindikatuekin akordioak lortzen, baina ez lortuta ere, indarrean jarri ahal izango du, PPk duen gehiengoari esker.
Adituen batzordeak aholkatu du 2014 eta 2019 urteen artean jartzea martxan erreforma. Bestelako proposamen batzuk ere aipatzen ziren, tartean erretiro adina 67 urtetik haratago luzatzeko aukera, edo 67 urteko erretiro adina 2027a baino lehen aplikatzea.
Alabaina, adituen batzordeak aukera horiek baztertu egingo dituela dirudi. Halaber, diru kopurua finkatzeko kontuan hartzen den urte kopurua aldatzerik ere ez duela nahi ematen du.