Bide motza du oraindik Albara ganadutegiak (Endoia, Deba, Gipuzkoa). Duela bi urte eskas jarri zuen hura martxan Maddi Mendibilek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1997), bikotekidearekin batera. Zailtasunak zailtasun, motza bezain oparoa izan dute bidea, eta iaztik behi haragiaren salmentan dihardute. Hori bai, merkatu orokorrak duen egiteko modutik aparte.
Azken elikagaien prezioen indizeak adierazten duenez, asko garestitu da denbora gutxian behi haragia. Zuenean ere hala izan da?
Merkatua ezagutzen dugu, eta badakigu prezioa asko igo dela haragi falta dela eta. Baina gure kasuan ez da hala izan, eta iazko prezioa mantendu dugu. Zuzenean saltzen dugu haragia. Egia da supermerkatuetan topatzen dena baino zerbait garestiagoa dela, baina konpromiso hori dugu: ez ditugu prezioak merkatu orokorraren arabera aldatzen.
Zein da zuen ekoizpenaren egoera?
Guk larrabehiak ekoizten ditugu, bertako arraza bat. Ez da haragitara bideratutako arraza, baina ikusi dugu oso haragi osasuntsu eta kalitatezkoa ateratzen dela hortik. Normalean, merkatuan dauden produktuak urtebete egin dituzten txahalak dira, bizitzaren bigarren erdian gizentzera bideratuak. Gure kasuan, saltzen dugun haragia sekula ez da adin berekoa. Gure animalia denak urte guztian modu estentsiboan daude, belarra jaten eta mugitzen. Sekula ez dira ukuilu baten barruan bizi, eta ez ditugu gizentzen horretarako pentsu espezifiko batekin.
Eta nori saltzen diozue okela? Badakizue zehazki non bukatzen duen?
Bai, egiten dugu jarraipena, eta garrantzi berezia du guretzat. Bezeroekin zuzeneko harremana dugu, eta ez salmentarako bakarrik. Eurek nahi dutenean badakite aukera dutela ganadutegira etortzeko eta ikusteko animaliak nola dauden. Guretzat inportantea da baserriekin harremana ez duen jendeak ere ikustea zer den behi bat, nola hazten den... Azken batean, jaten duten hori zer den.
Zenbat bezero dituzue oraintxe? Zenbat ekoizten duzue?
2024ko azaro aldera hasi ginen okela saltzen. Orduan uste genuen lagunen arteko zerbait izango zela, eremu oso murriztu bateko zerbait. Baina urtean zehar ikusi dugu lau edo bost behi bidali ditugula hiltegira. Gehienbat ahoz aho lortu ditugu bezeroak. Orain bertan, Zumaian, Zestoan, Itziarren, Deban, Elgoibarren, Azkoitian eta Azpeitian egiten dugu banaketa. Propaganda handirik egin gabe, 60 familia ingurura iritsi gara gutxienez. Hala ere, konturatu ginen ahoz ahoko horretan jende bat kanpoan geratzen zela, eta sare sozial bidez ere zabalkunde txiki bat egin dugu. Irailetik maiatzera saltzen dugu haragia, eta espero dugu 2025eko irailean jende gehiagorengana ere iristea.
«Jabeek lurrari errentagarritasun handia atera nahi diote alokatzean, ganadua zutenean ateratzen zioten errentagarritasun bera»
Etorkizunari begira, nola ikusten duzue sektorea? Zeintzuk dituzue kezka nagusiak?
Esperientzia pertsonaletik, hiru zailtasun ikusten dizkiot sektoreari. Batetik, agian kontsumitzaileak ez diola duen balioa ematen produktuari. Zailtasun handia du kalitate handiko produktu bat sortzeak, eta iruditzen zait kosta egiten dela kontsumitzaileek balioa ematea ekoizleak haragiari ematen dizkion plus horiei denei. Akaso zaila delako sinistea, urruti geratzen zaielako, eta hori arazo bat da.
Bigarren arazo bat: guk herentzian ezer jaso gabe sortu dugu ganadutegia. Ikusten dut adineko baserritar asko dagoela ez duena bere burua ikusten baserriarekin jarraitzeko gai. Seme-alabek ere ez diote horri segida eman nahi. Baina, hala ere, jabeek lurrari errentagarritasun handia atera nahi diote alokatzean, ganadua zutenean ateratzen zioten errentagarritasun bera, hain zuzen. Etxebizitzarekin dagoen arazo antzekoa ikusten dut. Jabetzarik ez duena eta alokairuan bizi dena pobretu egiten da, eta jabea, aberastu. Eta hirugarren arazoa da administrazio publikoa ez dela iristen aurreko bi arazoak konpentsatzera. Badaude laguntzak, baina ez dira iristen beste bi arazoek uzten duten zuloa betetzera.
Gure esku ditugun soluzioetako bat da, nire ustez, jendeari abeltzaintza eredu hau eta egiteko modu hau gerturatzea. Ditugun ardurak, egiteko moduak eta hobetzeko saiakera horiek jendeari gerturatu, eta, akaso, gutxinaka-gutxinaka, jendeak balioa emango dio.