Azken bi urteetako datuekin alderatuta, dena den, prezioak apalago igo ei dira, INEren arabera. 2001ean, zehazki, %3,1 igo ziren Hegoaldean eta hurrengo urtean, berriz, are gehiago: %3,9.2003aren hasieran Espainiako Gobernuak inflazioa %2 igoko zela aurreikusi zuen, eta ondorioz, bai Espainian (%2,6) bai Hego Euskal Herrian inflazioak gainditu egin du berriz ere hasierako helburua. 1996an PP gobernura iritsi zenetik, gauza bera errepikatu da urtez urte, 1997an eta 1998an salbu. Aurreikuspen hori erreferentzia gisa hartzen da pentsioak eta gutxieneko soldata igotzerakoan. Pentsioen kasuan alde hori berrikusi egiten den arren, soldata minimoarekin ez da halakorik gertatzen, jasotzaileen kalterako.Europarekin alderatuta, berriz, batez bestekoaren gainetik daude Hego Euskal Herriko etaEspainiko inflazio tasak, Eurostat erakundeak aurreratu baitu euroguneko KPI harmonizatua %2,1ekoa dela. Nahiz eta abendukoa lehen estimazioa baino ez den, azaroan Irlandak baino ez zuen gainditu Espainiako datua.
Sindikatuak haserre,Espainiako Gobernua pozik
Errealitate horien gain euren balorazioa agertu zuten atzo sindikatuek, patronalak eta agintari ekonomikoek. Negoziazio kolektiboan soldatak igotzeko KPI erreferentziatzat hartzen dela-eta, ELAko arloko ardurardun Sebas Andreuren iritziz, datuok «ez ditu inork sinesten».
«Mundu guztiak daki prezioek nabarmen gainditu dituztela gobernu espainiarrak gaur [atzo] goizean emandako datuak. Beraz, estatuko estatistitiken datuen sinesgarritasunaren gainean duda handiak daude», gaineratu zuen Andreuk. ELAren arabera, ez du zentzurik soldaten igoera gobernuaren %2ko helburura parekatzeak, eta horregatik «ELAk iragan KPI baino nabarmen gehiago igoko diren soldatak aldarrikatzeko politikarekin jarraituko du». Antzeko iritzia plazaratu zuen LABeko gai ekonomikoetarako idazkaritzak: «Jarduera ekonomikoapixkanaka sendotzen ari da eta 2002ko emaitzak hirukoiztu egin dituzte enpresek. Horren aurrean, LABek soldaten eros ahalmenaren hobekuntza defendituko du negoziazio kolektiboan». Sindikatu abertzaleak oroitarazi du PPren %2ko aurreikuspena «motz» geratu dela eta gizarte gastua apaltzeko erreminta gisa erabiltzen duela. Egoerak gutxieneko soldata (460 euro) jasotzen dutenei egingo die kalte batez ere eta gogorarazi zuen Hegoaldeko batez besteko soldataren %31ra baino ez dela iristen. Azkenik, nabarmendu zuen KPI euroguneko batez bestekora hurbildu dela-eta horrek euskal produktuen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duela. Confebask patronalak datua «ontzat» jo du «urtean zehar erakutsi duen beheranzko joera baieztatzen baitu». Haatik, enpresaburuen elkarteak iritzi dio euroguneko beste herrialdeekiko oraindik dagoen aldeak kanpoan produktuen lehiakortasuna oztopatzen jarraitzen duela. CCOO-Euskadiren arabera, Espainiako Gobernuak inflazioaren gaineko aurreikuspena egiterakoan duen «sinesgarritasun eta zorroztasun» falta erakusten du, «beti beherantz egiten baitu». «Hiritarrei eta batez ere soldatadunei iruzur egiten die». Rodrigo Rato Espainiako ministroa oso pozik agertu zen Espianiako KPIk %2,6an amaitu duelako, iragan urteko %4ko tasa «behin-behinekoa» zela erakusten duelako.
-
ELIKAGAIAK
Patata tortilla benetan garesti
Produktu eta zerbitzu guztien artean elikagaien prezioak izan dira Hego Euskal Herrian gehien igo direnak, nahiz eta herrialde batetik bestera aldeak egon. Elikagaien artean, patata eta horren deribatuak %25 eta %21 garestitu ziren Nafarroan eta EAEn, eta arrautzen prezioak, berriz, %18,7 eta %21 igo ziren, hurrenez hurren. Patata Tortilla egitea nabarmen garestitu da, beraz. Fruitu freskoak, berriz, %12 garestitu ziren Hego Euskal Herrian. Barazkien salneurriek %7,3 egin zuten gora EAEn eta %8,3 Nafarroan. Ogia ere %6,5 eta %5,2 garestitu zen EAEn eta Nafarroan. Haragiari erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan behikiak %3,6, ardikiak %4,6 txerrikiak %7,7 eta oilaskoa %9,9 garestitu ziren; Nafarroan behikiak igo ziren gehien (%4,5).
INEk ez ditu etxebizitzaren prezioak erreferentziatzat hartzen. Alokairuak, berriz, %4,2 garestitu ziren Nafarroan eta %5 EAEn.Garraio publikoa %4,5 igo zen Hegoaldean, tabakoa %3tik gora, goi hezkuntza %5, ur minerala eta freskagarriak %4 inguru,osasun zerbitzuak %3...
-
esanak
Sebas Andreu
(ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna)
«Datuak ez ditu inork sinesten. Mundu guztiak daki prezioek nabarmen gainditu dituztela»
LAb
«LABek soldaten eros ahalmenaren hobekuntza defendituko du»
confebask
«Ontzat jotzen dugu, urtean zehar erakutsi duen beheranzko joera baieztatzen baitu»
CCOO-EUskadi
«Gobernuak aurreikuspena egitean zorroztasuna eta sinesgarritasuna falta du»