Ekonomiak aurten hazi nahi badu barne kontsumoaren bultzada handiagoa beharko du, esportazioak ez direlako nahikoa izango hazkunde sendo bat izateko (eta enpleguari tira egiteko). Alde horretatik, itxaropena eman dezakete Eustatek gaur zabaldutako datuak. Haietan ikusten da urtearen azken txanpan biziberritu dela familien kontsumoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: etxeguneen azken kontsumoa %0,4 hazi zen urteko azken hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuz gero. Tasa horiei eustea da giltza, baina ez da erraza izango, langabezia jaisten ez den bada eta soldatek beheranzko bidea uzten ez badute.
Eustatek joan den astean aurreratu zuen moduan, EAEko BPG barne produktu gordina %0,3 hazi zen hiruhileko arteko tasetan, eta %0,3 txikitu urte arteko tasan. Urte osoari erreparatuta, ekonomia %1,2 uzkurtu zen. Hiru lurraldeetan jaitsi zen: %1,4 Araban, eta %1,1, berriz, Bizkaian zein Gipuzkoan. Nafarroan %1,3 egin zuen atzera, hango estatistika erakundeak aurreratu zuenez.
Fagor Etxetresnaken porrotak eta patronalaren mezu ezkorrak gorabehera, Gipuzkoak eman ditu daturik onenak: langabezia txikien duen lurraldea izateaz gain, hura da urte arteko tasan jaisteari utzi dion bakarra (%0,0 hazkundea). Bizkaiko ekonomia duela urtebete baino %0,5 txikiagoa da eta %0,4 txikiagoa Arabakoa. Pixka bat okerrago dago Nafarroa, -%0,6ko urte arteko tasa baitzuen 2013ko azken hiruhilekoan.
Enpleguaren bilakaera ere txarra izan da. Urtebetean ia 19.000 lanpostu garbi galdu dira (-%2,1), zerbitzuetan gutxien (-%0,5), eta gehixeago industrian (- %4,3) eta eraikuntzan (-%10,8). Krisi honetako bigarren atzeraldia hasi denetik, berriz, 50.000 enplegu desagertu dira.
Industria, osatzen
Sektoreei erreparatuz gero, nabarmena da industriaren hobekuntza. Atzeraldia utzi duen sektore bakarra da, haztea lortu ez badu ere (%0,0). Are gehiago, energia alde batera utzi eta manufakturari soilik erreparatuta, iaz baino %0,1 handiagoa da BPGari egiteko dion ekarpena. Hiru hile arteko tasa ere positiboa du eraikuntzak ere (%4,5), eta horri esker lortu du, aspaldiko partez, hondoa izan daitekeenera hurbiltzea. Izan ere, urtearen amaieran %1,2ko erritmoan jaisten ari zen, 2012an %7,1 uzkurtzen ari zela.
Zerbitzuak ere atzeraldiaren amaierara hurbiltzen ari dira (-%0,1 urte arteko tasan), eta horien barnean ikusten da urtearen amaieran kontsumoak izan duen gorakada: merkataritza, ostalaritza eta garraioa %0,5 hazi dira 2013ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuz gero.
Eskariari dagokionez, behera doa kontsumo publikoa (2012an baino %2,3 txikiagoa da), eta behera doa kapital eraketa gordina ere (inbertsioa), baina azken honetan antzematen da joera aldaketa bat, enpresen eskari zorroa pixka bat handitzen ari dela erakusten duena: bigarrenez jarraian hazi egin da hiru hileko arteko tasan.