Kontsumoa

Kontsumobidek 100.000 euroko isuna jarri dio Telefonicari

Movistar Fusion-en prezioa inoiz ez zuela igoko sinestarazi zien kontsumitzaileei, baina ez zen egia.

Iker Aranburu.
2017ko ekainaren 27a
08:49
Entzun

Publizitatearen bidez kontsumitzaileak engainatzeagatik 100.000 euroko isuna jarri dio Kontsumobidek Telefonicari. 2012tik aurrera, Movistar Fusion izeneko paketeak saltzeko, Telefonicak agindu zuen bezeroak ordaindu beharreko prezioa «betirako» zela, baina ez zen horrela izan: 2015ean bost euro garestitu zuen kontratatutako zerbitzuen prezioa eta orduz gero gehiagotan garestitu ditu. Igoera horiek «justifikatu gabea eta alde bakarrekoa» izan zirela ere salatu du Kontsumobidek. EKA kontsumitzaileen elkarteak jarri zuen salaketa Telefonicaren aurka.

Isuna sinbolikoa da, Telefonicarentzat ezer gutxi baita 100.000 milioi pagatu behar izatea, Iaz 2.369 milioi euroren irabaziak izan zituen Espainiako telefonia enpresetan nagusiak. Hau da, iazko irabazien erritmoan, 22 minutu baizik ez lituzkeela behar 100.000 euro horiek biltzeko.

Edonola ere, Kontsumobidek aldarrikatu du egindako iruzurra «larria» dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 130.000 lagunek kontratatu zutelako Movistar Fusion, Telefonicak agindutako baldintzekin.

Egiazko informazioa

Pertsona Kontsumitzaileen legearen 50.4 artikulua haustea egotzi dio Teleconicari Jaurlaritzaren menpeko kontsumo erakundeak. Artikulu horrek dio enpresek beren bezeroei helarazi behar dieten informazioak eta egiten duten publizitateak «egiazkoa» izan behar dutela. «[Kontsumitzailea] modu batera edo bestera oker dezakeen ezein publizitate» ere legez kanpokotzat jotzen du lege horek.

Kasu honetan hori gertatu den zalantzarik ez du Kontsumobidek. «Telefonicak ez zuen egiazko informazioa eta publizitatea zabaltzeko eginbeharra bete», iragarri zuelako Movistar Fusionen prezioak «azkenak eta betirakoak» zirela, eta ez zelako horrela izan. «Tarifa hori inoiz ez zela aldatuko  sinestarazi zien kontsumitzaileei».

Kontsumobidek behartu nahi du Espainiako telefono konpainia bere zigorraren berri ematea, «adibidea emateko» eta «etorkizunean berriro arauak ez hausteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.