Kontzertu Ekonomikoa

Kontzertu Ekonomikoaren 140. urteurrena ospatu dute Bilbon

Haren aldeko konpromisoa handitzeko eskatu diete herritarrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei.

Bilbon egin dute ekitaldia. IREKIA
Iker Aranburu.
2018ko otsailaren 28a
19:18
Entzun

Lehen aldia da hiru lurraldeetako agintariek kontzertu ekonomikoaren urteurren bat gogorarazten dutela. Ziur aski arrazoia da finantza tresna hori Espainian eraso asko jasaten ari dela, beste erkidegoekiko "insolidarioa" delakoan. Halakorik ez dela aldarrikatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde guztiek, Bilboko Arriaga antzokian: Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiak, aldundiak eta udalak. Erakunde horietan ordezkaritza duten alderdiek babesa eman diote kontzertuari.

Kontzertu Ekonomiaren historia oroitzen duen dokumental bat ikusi ondoren, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu du hitza, finantzaketa tresnaren aldeko adierazpen instituzional egiteko. Urkulluk aldarrikatu du Kontzertua dela "Estatuarekin elkarbizitza egiteko konpromiso politikoaren zutabe nagusia". Horregatik, espainiarrei eskatu die "Euskadin duen errespetu berdina" izan dezatela harekin.

Kontzertua "sistema zentzuzkoa, objektiboa, bidezkoa, eraginkorra eta solidarioa da", ziurtatu du lehendakariak. "Euskadik alde bakarreko arrisku nabarmena hartzen du, bera delako zergak biltzen dituena, ekonomia gaizki joan ala ongi joan". Erakundeek Kontzertu Ekonomikoa babesteko konpromisoa dutela aldarrikatu du, eta berdin egiteko eskatu die herritarrei. "Kontzertuaren ezagutza, hedapena eta defentsa handitzeko ahaleginekin bat egiteko eskatzen dugu".

Saria baino gehiago, zigorra

Espainiaren eta Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko finantza harremanak arautzen ditu kontzertuak. Horren bitartez, hiru lurraldeetako aldundiak arduratzen dira zergak biltzeaz, eta zati bat ordaintzen diote Espainiako Estatuari, haren menpeko eskuduntzak ordain ditzan. Ordain horrek kupo izena du, eta horrekin ordaintzen dira, besteak beste, koroa, armada, azpiegiturak, Espainiako Gorteak eta kanpo harremanak. Halaber dirua jartzen da Espainiako Erresumaren zorraren zati bat pagatzeko eta erkidegoen arteko elkartasun funtsa hornitzeko.

Espainia aldean askok pribilegiotzat jotzen duten arren, berez, Madrilek Hego Euskal Herriko lurraldeei ezarritako zigor bat da. Izan ere, karlistaldien aurretik, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak —eta baita Nafarroak ere—, burujabetza osoa baitzeukaten finantza eta zerga arloan. Kontzertu Ekonomikoa  —eta Nafarroako Itun Ekonomikoa—, hortaz, foruak galdu izanaren ondorio bat da. 

na.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.