Errioxako Gobernuak eta Parlamentuak eta Gaztela eta Leongo Gorteek eskatu zuten hiru lurraldeetako zerga sistemaren aurka aurkeztutako salaketak justizia auzitegi arruntetara bideratzea. Horregatik, helegitea aurkeztu zioten Kontzertu Ekonomikoari buruzko auziak zuzenean Espainiako Auzitegi Konstituzionalera bideratzen zituen 2010eko legea, "Kontzertuaren blindatzea" deitutakoa.
Konstituzionalak berak atzera bota du errioxarren eta gaztelarren errekurtsoa, aho batez. Auzitegi horrek gogorarazi duenez, Kontzertu Ekonomikoari dagozkion foru arauek babes berezia behar dute, Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak bermatzen dituelako.