Nik badakit korrokoia edo lazuna gozoa dela jateko». Imanol Garatek badaki, dastatu duelako. «Koipe asko daukanez, oso ondo egiten da parrilan, eta keztatuta ere izugarri ona dago», dio Mutrikuko (Gipuzkoa) Kardala LHII akuikultura eta elikagai industrien eskolako irakasleak. Buru-belarri sartuta dabil korrokoia piszifaktorian hazteko proiektu batean. Duela pare bat aste 3.000 inguru lazun arrainkume (Chelon labrosus) eraman zituzten Kardalako urasketara, 18 eta 20 gramo bitartekoak. Epe luzera, azken helburutzat jarri dute hazkuntza prozedura garbi, jasangarri eta ekonomikoki errentagarria lortzea. Jarduera industrial bat sortzea azken batean, eta ez ikertzea ikertzeagatik.
Akura izeneko proiektua epe luzerako da, eta datozen bi urteetan esperimentu eta azterketa fasean egongo da, baina badu fundamentua. Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak eman die diru laguntza, Europako funtsen bidez: 286.700 euro jaso dituzte, bi urtez lazuna hazteko prozedurari buruzko azterketak egiteko. Gaiker-IK4 zentroak gidatuko du lankidetza proiektua, eta bertan parte hartuko dute Kardala eskolak, EHUko BCTA eta IBeA ikerketa taldeek, eta PIE Plentziako Itsas Estazioak.
Omega 3 ugari
«Ibaiko korrokoien irudia desegin nahi dugu», azaldu du Pilar Brettesek, Gaiker-IK4ko ikertzaileak. «Aukera handiko arrain baten irudia eskaini nahi dugu. Epe luzera, asmoa da lazuna landutako errezeten bidez merkaturatzea. Hain zuzen, Bizkaiko sukaldari ezagun bat ibiliko da gurekin lanean». Brettesen iritziz, lazunak onarpen handia izan dezake behin kozinatu eta platerera ailegatutakoan. Nabarmendu du azken asmoa proiektuak enpresa garapen bat izatea dela, baina hori, gaur-gaurkoz, urrutiegi begiratzea dela. Nahiago dute pausoz pauso joan.
Bertako merkatuari begira, oinak lurrean dauzka Imanol Garatek, Kardalako irakasleak. «Badakigu lazunak oso fama txarra daukala, baina uste dut gaizki enfokatzen ditugula gauzak». Eta esplikatu du zergatia: «Iruditzen zaigu lazuna ibai zikinean badago arrain zikina dela, baina ibai hori guk zikindu dugu. Beste leku batzuetan lazunak estimazio ona dauka, han askoz garbiago daudelako ibaiak: Italian jaten dute, Israelen, Frantziako Mediterraneo aldean, Valentzian, Andaluzian...».
Espeziaren dohainetako bat jasangarritasuna da. Nutrizio aldetik oso ona izateaz gain —omega 3 gantz azido asko dauka—, hura haztea beste arrain asko baino jasangarriagoa da. Ibaietan sarri ikusten den bezala, korrokoiek izugarrizko gaitasuna daukate edozer gauza jateko, orojaleak direlako. «Eta justu horregatik dira interesgarriak akuikulturan hazteko», nabarmendu du Kardalako irakasleak. «Badakit lazuna gozoa dela jateko. Eta badakit, arrain bat piszifaktorian hazi behar badugu, berau dela jasangarrienetako bat».
Akuikulturaren paradoxetako bat hausteko balio du lazunak. Zaporez preziatuenak diren arrainak (urraburua, legatza eta atuna, esaterako) haragi jaleak dira; hau da, beste arrain bat jan behar dute, eta, beraz, haiek hazteko, arrainez egindako pentsuak behar dira. «Baina lazunentzat dieta prestatu daiteke mikroalgez aberastuta eta osagai begetal gehiagorekin: arrain gutxiago behar da arrain hau hazteko».
Horretan dabil Brettes Gaiker-IK4n, mikroalgak lantzen, ohi baino lipido gehiagoko mikroalgak, korrokoiei jaten emateko, eta horrela, arrainak ohi baino omega 3 gantz azido gehiago izateko. Datozen bi urteetan, funtsean, aztertu eta finkatu nahi dute nolakoa izan beharko litzatekeen korrokoiak hazteko prozedura, bai teknika aldetik, bai nutrizio aldetik.
Produktu osasuntsu eta jasangarri baterako merkatu nitxoa egon daitekeelakoan dago Brettes. Argi ikusten du araudiek, oro har, gero eta gehiago murriztuko dutela arrantza, eta gero eta zailagoa izango dela itsasoko arraina jatea, ura gero eta kutsatuago dagoelako. «Arazoa ja ez dira plastikoak, baizik eta mikroplastikoak, merkurioak... Eta gainera, gero eta jende gehiago bizi da munduan, eta gero eta gehiago jaten da arraina, batez ere omega 3 gantz azidoen onurengatik».
Pizgarri sektorearentzat
Gero eta arrain gehiago jaten da piszifaktoriakoa. 2015ean itsasotik baino arrain gehiago lehorreratu zen akuikultura zentroetatik, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera: 12,3 milioi tona gehiago, zehazki esateko. Hau da, 2015ean komertzializatutako arrainen %53 piszifaktoriakoak ziren, eta %47 itsasokoak. Eta akuikulturaren goranzko joera ez da etengo.
«Gure portuetan oraindik arraina sartzen da, baina gure porturik handiena Forondako aireportua da», ohartarazi du Garatek. Arrainaren zati handi bat prozesatu eta berriz ere kanpora saltzen da, industria indartsua baita kontserbagintzarena, arrainaren transformazioarena. «Eta Forondatik sartzen den arrain asko akuikulturakoa da», gaineratu du Garatek.
Korrokoiaren Akura proiektuarekin, pizgarri bat bilatu nahi dute akuikulturaren sektorearentzat. «Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago akuikultura industriarik, enpresa bakar bat ere ez», zehaztu du Kardalako irakasleak. Araban badago amuarraindegi txiki bat, eta Nafarroan ere badira bakar batzuk. Bokalen (Lapurdi) badago mihi arrainak ekoizten dituen akuikultura enpresa bat, multinazional batena. Eta, oro har, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere badira amuarraindegiak.
Lazunaren hazkuntzak bertako industria sustatzeko balio dezan nahi dute sustatzaileek. «Akuikulturan bertako espezieekin lan egin beharko genuke, eta ikusi zein kudeatu dezakegun ekonomiko interesgarri izateko moduan», uste du Garatek. Eta horretan dabiltza korrokoiarekin. «Saiatzen ez denak, behintzat, ez du ezer lortzen».
[youtube]https://youtu.be/d1xfKvB2rXE[/youtube]
Korrokoia, platerera bidean
Lazunak piszifaktorian nola hazi aztertzen dabiltza Gaiker-IK4, Kardala akuikultura eskola, EHU eta PIE estazioa, jateko osasungarria eta ekoizteko jasangarria delakoan. Bideoa albistearen amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu