Kostera hasi berritan, iazko antxoaren ia erdia arrantzatu dute

Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleek batez beste 2,66 euroan saldu dute aurten harrapatutako 2,1 milioi kilo bokarta

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan antxoaren arrantzaldi hasiera aurreratu egin da, eta oso oparoa izan da orain arte. Kostera hasi zenetik 2,1 milioi kilo harrapatu dituzte arrantzaleek, iaz arrantzaldi osoan harrapatutako 4,7 milioi kiloren %44,2, hain zuzen ere. Orain arte Gipuzkoa eta Bizkaiako portuetan lehorreratu den antxoa kopuru hori guztia, batez beste 2,66 euroan saldu da kiloa.

Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak atzo adierazi zuenez, «datuek itxaropenari ateak irekitzen dizkiote, arrantzaldia berez, orain, apirilaren hasieran hastekoa baitzen». Era horretan, gogora ekarri du datuek «antxoaren arrantzaldia normalizatzen lagunduko dutela».

Bost urteko debekuaren ondoren, iaz7.000 tona antxoa arrantzatzeko baimena izan zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Aurtengo muga, berriz, 15.600 milioi tonara igotzeko baimena eman du Europako Batasunak.

Arrantzaren ugalketa horrek prezioa jaits ez dezan, antxoari «balioa» emateko kanpaina bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Produktu hori merkatura eta kontserbaren industriara berriro itzul dadin lan egingo dutela agindu du Unzaluk.

Berdelaren arrantzaldia

Antxoaren harrapaketa handitzearen arrazoietako bat berdelaren kostera hilabetez laburtu izana da. Berdeletan ari ziren arrantzontzi asko antxoatan hasi ziren, eta, ustekabean, antxoa bazegoela ohartu ziren.

Espainiako Arrantza Ministerioak martxoaren 3an ixtea erabaki zuen, urteko lehen hiruhilekorako ezarrita zegoen kuotaren %90 arrantzatuta zegoenean. Ordurako, arrantzaleek 7,1 milioi kilo berdel harrapatu zituzten, batez beste kiloko 1,13 euroko prezioarekin.

Aurtengo arrantzaldian harrapa zitekeen berdel kopurua jaitsi egin da, Europako Batasunak jarritako zigorraren ondorioz. Izan ere, 2010eko kanpainan behar zena baino berdel gehiago arrantzatu zuten hemengo arrantzaleek. Zigorrak bost urtez iraungo du, eta Unzaluren sailak ez die arrantzaleei inongo ordainik emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.