KOTIZATU BEHAR LUKETE ROBOTEK?

Ugaritzen ari dira eskaerak robotek ere zergak edo Gizarte Segurantzako kotizazioak pagatzeko. Europako Batzordea gaia aztertzen ari da. Automatizazioak eragin dezakeen lanpostu galerari erantzutea eta ongizate estatuari eustea da helburua. Berrikuntzarako galgatzat jo dute adituek.

KOTIZATU BEHAR LUKETE ROBOTEK?.
Jon Fernandez.
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pertsonek bezala behar egiten badute, zergak ere pertsonek bezala paga ditzatela. Hori da aspaldian indartzen ari den logika; baina kontua da ez direla pertsonak, makinak baizik. Lantegietan robotizazioa ugaritzen ari den heinean ari dira ugaritzen makinek ere zergak edo Gizarte Segurantzako kotizazioak pagatu behar lituzketela dioten ahotsak. «Beharrezkoa da enpresek robotengatik ordaintzea, ongizate estatua mantentzeko, osasuna, hezkuntza, pentsioak eta abar mantentzeko», adierazi du Bilbon, asteon, Gonzalo Pino UGTko politika sindikaleko idazkari konfederalak. 4.0 industriaren erronkak izeneko jardunaldien hasiera ekitaldian egin du proposamena. Baina ez da bakarra. Bruselan ere mahai gainean daukate eztabaida.

Europako Parlamentuak txosten zirriborro bat aurkeztu zion gaiaz Europako Batzordeari maiatzean. Besteak beste, roboten gaineko erantzukizun zibila zehaztea eta robotek zergak pagatzea edo Gizarte Segurantzan kotizatzea proposatu dute agirian. Lan merkatuaren robotizazioak langileengan eta ongizate estatuan ahalik eta kalte gutxien eragiteko modu bat bilatzea da helburua.

Eztabaida interesgarritzat jo du Jon Agirre Tecnaliako robotikako ikerlari eta EuRobotics elkarteko zuzendaritzako kideak. Halere, ñabardura bat egin du. «Txosten horren proposamen batzuk egoera irreal batean oinarrituta daude. Agiriaren sarreran, Frankenstein ere aipatzen dute. Agertzen den robotikaren ikuspegia zientzia fikziozkoa da».

Hala ere, zergapetzearen ideiara bueltatuz, Agirrek argi dauka zein litzatekeen biderik egokiena: «Arrazoizkoa litzateke orain arte egin dena egiten jarraitzea, irabaziak dituzten enpresei zergak kobratzea, sozietate zergaren bidez». Iritzi berekoa da Eduardo Beltran de Nanclares ere, Mondragon Korporazioko Berrikuntza zuzendaria. «Sozietate zergak ondo islatuko balitu enpresen irabazi errealak, ez balira paradisu fiskaletan ezkutatuko, eta gauza arrarorik egingo ez balute gutxiago pagatzeko, funtsean, ez genuke robotez arduratu beharrik izango».

Kenkariak enpresentzat

Beltran de Nanclaresen arabera, enpresa batek robot batzuk martxan jartzeagatik irabaziak %25 handitzen baditu, sozietate zergan %25 gehiago pagatuko luke, eta kito. Ardura, enpresariaz gain, erakunde publikoak ere baduela uste du. «Igual presio fiskala handitu behar zaio jarduera ekonomikoari. Eta, gainera, beste kontu bat da erakunde publikoak gero zelan banatzen duen aberastasun hori».

Euskal ogasunek, nazioarteko ogasunen ildoan, kenkari eta murrizketa berezien bidez laguntzen die enpresei, robotizazioan sakondu dezaten. Politika hori defendatu du Jokin Perona Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendariak: «Ikerketa eta garapena bultzatu nahi da fiskalitatearen aldetik. Enpresen inbertsio hori babestea egokia da. Herrialde garatuenek beraien diru sarreren kopuru handi bat I+Gn gastatzen dute». Gipuzkoaren kasuan, %10ekoa da berrikuntzan zein automatizazioan inbertitzen duten enpresentzako kenkari orokorra, baina %50eraino igo daiteke, inbertsio mailaren arabera.

Industriaren robotizazioak eragindako aldaketetara egokitzea beharrezkotzat jo du Peronak, baina, bere aburuz, oraindik goiz da joera hori noraino iritsiko den eta noiz iritsiko den jakiteko. «Ikusi behar da joera hori konfirmatzen den ala ez. Agian gaur garrantzitsuena den zerga tipo bat hemendik hogei urtera ez da, eta beste batek hartuko du garrantzia gehiago».Gaur egun, PFEZ pertsona fisikoen errenta zerga eta BEZa dira bilketa gehien lortzen duten zergak Euskal Herrian, eta sozietate zergak ez du horrenbesteko garrantzirik. Hau da, langileek eta kontsumoak daukate presio fiskal handiena, ez horrenbeste enpresariek.

Nolanahi ere, egoera berrira moldatu beharra egongo dela azaldu du Peronak. «Gizartean beharrizan batzuk ditugu, eta horren arabera diru sarrera batzuk behar ditugu. Azken urteetan egitura egokitzen joan den bezala, etorkizunean ere antzeko zerbait egin beharko da, urratsez urrats».

Nola egin, hori da kontua. Peronak nabarmendu du roboten inguruan egin beharreko edozer egokitzapen modu globalean egin beharko dela. «Lehiakortasuna babestu nahi badugu, ekimenak globala izan behar du. Ez litzateke egokia izango lurralde batek bakarrik sartzea horrelako aldaketaren bat eta besteek ez».

Formakuntza, beharrezkoa

Robotak zergapetzearen proposamenaren oinarrian automatizazioak langabezia izugarria eragingo duenaren ustea dago. Apokaliptikoen artean, aurreikuspen ezkorrak eta oso ezkorrak daude. Datozen bi hamarkadetan Europako enpleguaren %54 desegingo dituzte robotek, Bruegel think tank-eko Jeremy Bowlesen kalkuluen arabera: %49,5 Frantzian eta %55,3 Espainian. OCDEren azken txostenaren arabera, aldiz, automatizazioak enpleguaren %9 suntsituko luke Frantzian eta %12 Espainian.

Baina, bada kontrakoa defendatzen duenik ere, desegin baino gehiago enplegua sortu egingo duela. Europako Batzordearen arabera, martxan dagoen robot bakoitzak 3,6 lanpostu sortzen ditu, eta 2022ra bitartean robotek 2,5 miloi lanpostu sortuko dituzte.

«Aurreko iraultza industrialean ere galdu ziren era bateko lanpostuak, eta beste era batekoak sortu ziren», gogora ekarri du Beltran de Nanclaresek. Kontua da zer egin behar den laugarren iraultza industrialak lanpostuei gehiegi ez eragiteko. Formakuntza espezializatuan eta formakuntza jarraian inbertitzea da gakoa bai Beltran de Nanclaresentzat, bai Agirrerentzat. «Lehenengo frogatu dezagun automatizazioak enplegua suntsitzen duela. Eta, ala bada, prestatzen ari gara horri erantzuteko?».

Mondragongo Berrikuntza arduradunak aukerak ikusten dizkio automatizazioari: «Gehien automatizatzen duten enpresek ekoizpena handitzen dute, lehiakorragoak dira eta planta gehiago irekitzen dituzte atzerrian. Desegin ez, enplegu gehien sortzen dutenak dira».

Robotengatik zergak igotzea, hortaz, galga litzateke enpresen berrikuntzarako eta lehiakortasunerako, Jon Agirre Tecnaliako robotikako ikerlariaren aburuz. Gainera, enpleguaren suntsiketa soilik robotei egoztea ez zaio arrazoizkoa iruditzen. «Ez da bidezkoa soilik robotengan zentratzea, forma antropomorfikoa izan dezaketelako. Zergatik ez diete egozten langabeziaren ardura, adibidez, bankuetako kutxa automatikoei edo bankuen app-ei?».

Nahiz eta zergapetze espezifiko horren kontra egon, Agirrek aitortu du hausnarketa bat egin beharra dagoela giza langileen jarduna babesteko. «Agian gizarteak erabaki behar du administrazioak enpresak lagundu behar dituela, berez automatizatu daitezkeen postuetan langileak mantentzeko. Japonia robotizazioaren paradigma da, eta han gobernua ari da diru laguntzak ematen giza enplegua mantentzen duten enpresentzat». Pertsonen aldeko diskriminazio positiboa litzateke. Agirrek azpimarratu duenez, «gizarteari garestiago ateratzen zaio, ekonomikoki eta sozialki, langile hori aktibo ez egotea aktibo egotea baino».

Erantzukizun zibila

Zergen aukeraz gain, robotek Gizarte Segurantzan kotizatzea ere aukeratzat aipatu du Europako Parlamentuko zirriborroak. Horrek ez du zentzurik, Mondragongo Berrikuntza zuzendariaren iritziz. «Pertsona fisikoak Gizarte Segurantzan kotizatzen du babes sozial bat izan behar duelako. Baina robot bat ez da gaixotzen, ez da langabeziara joaten, ez du erretirorik jasoko. Kontzeptualki, ez du ez hanka ez buru».

Garrantzi handia duen kontua da, aldiz, roboten eta inteligentzia artifizialaren gaineko erantzukizun zibila ondo zehaztea. Esaterako, auto automatiko batek akats bat izaten badu, eta, kalteak eragiten baditu, zein da erantzulea? Erabiltzailea? Makina?

Beltran de Nanclaresek galdera gehiago ditu erantzuna baino: «Gerta daiteke nik saltzea sistema aditu bat, ikasten duena zuk ematen diozun esperientziaren arabera. Kasu horretan, zergatik funtzionatu du txarto? Ikasteko prozesuan egon da akatsa ala irakasterakoan? Ala hardwarean zegoen jatorrizko akatsa? Hori argitu behar da».

Laugarren iraultza industriala «elefante erraldoi bat» bezala irudikatu du Beltran de Nanclaresek, ahokada bakarrean irentsi ezin den mokadu bezala. «Elefante erraldoi hau zatitu egin behar da lehenengo, eta gero apurka-apurka jan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.