Pentsioak

Kotizazioak luzatzea proposatu diote adituek Frantziako Gobernuari

Pentsioa osorik jaso ahal izateko langileek 44 urtez kotizatu behar izatea proposatu du Moreau batzordeak. 

Iker Aranburu.
2013ko ekainaren 14a
12:36
Entzun

Espainiako Gobernuak bezala, Frantziakoak ere aditu batzorde bat osatu zuen pentsioen erreformari buruzko proposamenak egin zitzan. Gaur goizean aurkeztu diote txostena Jean Marc Ayrault lehen ministroari. Madrilek baino zuhurrago hartu du Parisek txostena, eta "gogoetarako gaiak" direla zehaztu du. Datorren astean hasiko dira negoziatzen patronalekin eta sindikatuekin.

Azken horiek begi txarrez hartu dute orain arte entzundakoa, eta ez dute gogoko izango Moreau batzordearen proposamen nagusia: erretiroa oso-osorik eskuratu ahal izateko 44 urtez kotizatu behar izatea, gaur egungo 41,5 urteen ordez. Adituak Laurence Parisot Medef patronaleko buruzagia baino urrunago joan dira, azken horrek maiatzean proposatu baitzuen 43 urtez kotizatzea. Halaber, eskatu zuen Parisotek erretiroaren adin ofiziala 62 urtetik 65era atzeratzea 2040rako; adituek ez dute halako proposamenik egin. Azken erreformak, Nicolas Sarkozyren gobernuak 2010ean egindakoak, 60 urtetik 62ra gibeleratu zuen erretiroaren adina.  

Enpresaburuek gustuko izango ez duten proposamen bat ere egin dute adituek: zahartzaro kutxarako egiten diren kotizazioak 0,1 puntu emendatzea. Halako neurriek Frantziaren lehiakortasunari kalte egiten dietela salatu dute patronalek.

Adituen beste proposamen bat da erretiratuek zerga gehiago ordaintzea. Zehazki, proposatu dute CSG zerga tasa bera pagatzea erretiratuek eta aktiboek, eta pentsionistek errenta zergan duten %10eko kenkaria txikitzea edo ezabatzea.

Epe luzera, langile publikoen pentsioak sektore pribatuko langileek dituztenera aldatzea eskatu du Moreau batzordeak. Uste du funtzionarioek "gehiegizko" sariak jasotzen dituztela beren ibilbidearen amaieran, eta horrek haien pentsioa handitzen duela. 

Epe luzera ere, erretretaren zaintza batzorde bat osatzea proposatu dute adituek, "aldez aurretik heltzeko izan daitezkeen desorekei, eta pentsioen eta soldaten arteko maila hobeto kontrolatzeko".

Moreau batzordeak dio neurri horiekin itzul daitekeela Gizarte Segurantza orekara 2020. urterako. Neurririk hartu ezean urte horretan defizita 20.000 milioi eurorena izango dela iragarri dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.