Euskal Herrian Bankia-ren pareko txartel beltzak egon daitezke. Koxka enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago egun, Gizarte Segurantzarekin duen zazpi milioi euroko zorrari aurre egin ezinda. Otsail amaieran, langile ohiek salaketa aurkeztu zuten Iruñeko Merkataritza arloko epaitegian American Industrial Adquisition Corporation (AIAC) funtseko aurreko jabeen aurka. Lehen zantzuen arabera, enpresako txartelak erabiltzen zituzten luxuzko hoteletan egonaldiak ordaintzeko. «Horietako batzuk enpresarekin erlazionatutako bidaiak ziren, beste batzuk, aldiz, ez». Fernando Jurio UGTko ordezkariak gaineratzen duenez, «ernalketarako bi esku hartze» ere pagatu zizkien Koxkak AIACeko bi arduraduni.
Salaketak horrelako zertzeladez betetako 60 orrialde ditu. Koxka barruko adarretara egindako mugimenduen bitartez dirua AIACeko funtsetara desbideratzea eta txartelak leporatzen diete lau zuzendariri: Marc Frederick Johnston, Jordi Martinez, David Santclement eta Anthony Zandosen aurka. Zantzuen arabera, hamar milioi euro inguru ebatsi zituztela uste dute langileek, baina Fernando Jurioren arabera «askoz gehiago izan daitezke»: «Ezin izan dugu kontabilitatearen sakon-sakoneraino sartu», gaineratu du.
Zifrak egiaztatuko balira, Koxkaren porrotaren erantzule nagusia bidegabeko kudeaketa izango litzateke. Egun, hartzekodunen konkurtsoan dago Koxka eta administratzaile judizialak, Eveac sozietateak, konkurtsoa errunduntzat jotzeko asmoa du. Modu horretan agerian gera daitekekrisiak ez duela erlaziorik egungo egoerarekin.«Koxkaren irudia garbitu nahi dugu. Enpresa bideragarria da, eta errentagarri izan daiteke, etikoki kudeatzen bada», nabarmendu du Juriok.
Langileek bultzatu dute, eta eta epaitegietako kostuei aurre egiteko diru bat jarri dute. Era berean, beren sinaduraren bitartez, salaketari babesa eman diote CCOO eta UGT sindikatuek. Ezohikoak dira horrelako ekinbideak, baina kasu hori ere ezohikoa izan da. Zentzuak biltzeko orduan langileek kudeatze zereginetan aritutako pertsonen laguntza izan dute, eta Eveac administratzaile judizialak informazioa erraztu die.
Horri esker egiaztatu ahal izan dute Koxkak atzerrian, bereziki Australian eta Dubain, eratutako merkataritza negozioen bitartez enpresa diruz husten ari zirela. Nazioartera hedatzen diren enpresa askok herrialde bakoitzean adar komertzialak sortu ohi dituzte, baina, Jurioren arabera, filial bakoitza pertsona berberek kudeatzea jada ez da hain normala. Eta Koxkan hori gertatu zen.
Ramon Vizcaino eta Cubigel
Aurrekari susmagarriak bazituzten Euskal Herrian bertan: AIAC taldeak Ramon Vizcaino taldea eta Kataluniako Cubigel Compressors erosi zituen eta biek gaizki amaitu zuten. Bi kasuetan enpresa deskapitalizatu eta ixtea leporatu zieten.
Koxkari krisiak bete-betean eragin zion 2009an, eta urtebete geroago AEBetako Ingersoll Rand taldeak AIAC taldeari saldu zion finantza ingeniaritza operazio baten bidez. AIACeko presidente Leonard Leviek Herbehereetan egoitza zuen Isoard Pv sozietatea sortu eta parte hartze funts baten bidez finantzatu zuen operazioa, irabazien araberako ordainketa bat diseinatuz. Handik gutxira,Isoardek Singapurren egoitzan duen Iberian Corporate Services sozietatea izendatzen du administratzaile bakar. Sozietateon atzean, salaketan ageri diren pertsonak daude, eta finantza ingeniaritza arloko mugimenduok aditzera ematen dute ezkutukeriatan ibili ohi direla maiz funts putre delako horiek.
Hala ere, kasu honetan, funtsaren eta horko kudeatzaile batzuen artean liskarra piztu da. «Iazko otsailean, Johnston eta Martinez bikotea langileengana etorri ziren esanez Koxkari iraunarazteko inbertitzaile ingeles bat zutela, baina ezinbestekoa zela Levie presidentearen bizkar egitea, lapur bat zelako», oroitarazidu Juriok. Langileek aspalditik susmoak izan dituzte AIAC taldearekin zein bere kudeatzaileekin. «Beti egon dira gauza arraroak. Jende hori etortzen zen enpresara tiketekin eta 3.000 euro hartzen zituzten». Langileak, egoerarekin nekatuta, bikote hori enpresan ordu batzuez itxialdian eduki zuten iazko martxoan. «Koxkatik bota genituen, eta susmoa dugu funtsari berari ere lapurtzen ari zirela». AIACek iaz kaleratu egin zituen iaz, eta euren aurkako epaiketak daude Bartzelonako auzitegietan.
Bi eskaintza
Egun, Koxka likidazio prozesuan dago. Martxoaren 8an jaso zuten kaleratze agiria langileek, eta egoera onbideratzeko giltza Gizarte Segurantzak du. Irailean Espainiako Gobernuak ezarritakodekretu baten arabera, konkurtso egoeretan jarduerari eusteko zorrak murriztu daitezke, Gizarte Segurantzarenak salbu. Legeak Koxka kaltetzen du. «Gizarte Segurantzaren 7 milioi euroko zor hori murriztuko balitz, ezinbesteko tartea emango lioke zentzuz jokatu nahi duen erosle orori. Hiruzpalau milioi izan daitezke. Inork ez du milioika euro mahai gainean jarri nahi, gero geldi geratzeko», azaltzen du Juriok.
Gizarte Segurantzak negoziatzeko asmoa azaldu du, baina oraindik ez da korapilo hori askatu. Bitartean, Eveac administratzaile judizialak bi eskaintza ditu esku artean: Bata, Koxkako langile ohien talde batena eta bestea Koxkako bigarren lerroko zuzendariena. Bakoitza bideragarritasun plan bat lantzen dabil, eta euren artean eskaintza bateratua egiteko elkarrizketak ere hasi dituzte. «Askoz errazagoa izan daiteke helburua lortzea, behin bi plataformak elkartzen bagara, eta, ados jartzen bagara, baina bitartean gure lana egiten ari gara», azaltzen du Ramon Salinasek, langile ohien taldeko kideak.
Enpresa bere gain hartuko zuen bazkiderik ez zetorrela ikusita, langileek bideragarritasun planari heldu diote. Galtza bete lan dute enpresa berriaren egitura juridikoa aztertzen, hiru urterako salmenta planaren aurreikuspena egiten eta inbertitzaileak erakartzen. ANEL elkartearekin, Sodenarekin eta Elkargirekin batzartu dira jada, baita balizko inbertitzaileekin ere. «Atsegin dute proiektua; ez dute baiezko borobilik ematen, baina etorkizuna baduela diote», dio Salinasek. Aurreko kudeatzaileek Koxkari geroa lapurtu zioten ia-ia, baina langile ohiek enpresari iraunarazteko borrokan dabiltza.
Koxkari geroa lapurtu diote ia
Langile ohiek, CCOO eta UGTren babesarekin, salaketa aurkeztu dute AIACeko lau kudeatzaileren aurka.Gastu pertsonaletarako txartelak erabili eta hamar milioi AIAC funtsera desbideratzea egotzi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu