KRISIA. AUTOMOZIO SEKTOREA. Autogintza eusten ari zaio oraingoz salmenta jaitsierari

Orain arte enplegu kopurua mantendu bada ere, aurrerantzean kaleratzeak beharrezkoak izango direla uste du FVEM patronalak

Miren Garate.
2008ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Herrialde bateko industriaren eta ekonomiaren egoera sektoreren batek islatzen badu, automozioak islatzen du. Munduan, urtero, 67 milioi auto egiten dira, eta urtez urte kopuru hori igotzen ari da. 2020rako, esaterako, 97 milioi egitea aurreikusten da. Euskal Herrian bertan, automozio arloko 400 enpresatik gora daude, eta 55.000 lagun inguru aritzen dira haietan. Barne Produktu Gordinean(BPG) duen pisua ere ez da nolanahikoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %17 sektore horretatik dator, eta Nafarroakoaren %12,7.

Azkenaldian, haatik, auto ekoizleen datuak ez dira haiek nahi bezain onak. Finantza krisiak sortutako zalantza egoera dela eta, autoen kontsumoa dezente jaitsi da Europako herrialde batzuetan. Hori dela eta, auto ekoizleek produkzioa jaistea erabaki dute, eta horrek, noski, bete-betean eragiten die gurpil, txasis, eserleku eta autoentzako bestelako produktuak egiten dituztenei.

Baina zenbaterainoko kaltea egin die matrikulazio jaitsierak euskal enpresei?FVEM Bizkaiko metaleko enpresen federazioaren arabera, salmenten beherakada bete-betean ari zaie eragiten; ACICAE klusterraren iritziz, egoera oraindik ez dago hain gaizki eta zikloak zenbat irauten duen ikusi beharko da; LABen arabera, enpresak egoeraz baliatzen ari dira langileei etekin gehiago ateratzeko.

«2007ko udan nabaritu genuen salmentak moteltzen ari zirela. Aurtengo urte hasieratik datuak txarrak dira, eta uda ostetik txarrak baino gehiago», dio Jaime Fernandez FVEMeko gerenteak. Haren esanetan, gainbehera etengabekoa ari da izaten, inoiz ez da hain bat-batean gertatu. Aktibitate tasa jarri du adibidetzat: «Metalean, dagoeneko, tasa negatiboan sartu gara, -%0,7 inguruan. Ez da kopuru handia, baina kontuan hartu behar dugu zortzi hilabetean zazpi puntu galdu ditugula». Beste zortzi hilabetean horrela jarraituz gero, aktibitate tasa %7koa izango dela dio, eta hori«oso larria» izango litzateke.

Automozio sektoreak duen ezaugarri nabarmenena, nazioarteak haren jardueran duen garrantzia da, hau da, enpresak ez direla barne merkatuetara mugatzen. Euskal enpresek, esaterako, ekoizten dutenaren %72 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saltzen dute, batez ere Europan. Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua dira haien merkatu nagusiak.

Euskal enpresak gainerakoak baino egoera hobean daudela esaten dutenean, benetan ari direla uste du Fernandezek. Halere, hori ez dela nahikoa dio. «Maila handiko industria izan arren, arazoa mundu guztikoa da, eta ondo prestatuta daudenak ere ari dira sufritzen, eta gehiago ere sufrituko dute». Orain artean, lanik gabe aldi baterako kontratuak zituztenak soilik geratu diren arren, kaleratze gehiago ere egin beharko direla uste du.

LABentzat, ordea, automozio enpresek hazkunde handia dute oraindik, eta enplegua erregulatzeko dosierrak egiten badituzte bestelako interesak dituztelako da. «Herrialde batzuetan jaitsi egin dira salmentak, bai, beste batzuetan, ordea, izugarri igo».

Asier Imaz sindikatuko industria federazioko interbentzio arduradunak azaldu duenez, enpresei komeni zaie «mehatxu giroa» sortzea. «Deslokalizazioen edota kaleratzeen mehatxua erabilita beldurra sortu nahi diete langileei; eta komunikabideak zabaltzen ari diren krisi mezua primeran datorkie horretarako».

«Mehatxu giro» horri esker, alde batetik, negoziazio kolektiboa baldintzatu eta langileen baldintzak okertzea nahi dutela dio; bestetik, laguntzak jasotzea. «Erakunde publikoek laguntzak iragarri dituzte finantza sektorearentzat, eta eraikuntza ere laguntzen ari dira obra berriak aginduta. Industriak ere nahi ditu laguntzak, ete horregatik ari dira alarma pizten».

Gakoa, leku askotan egotea

Iruñeko Volkswagenen eta Gasteizko Mercedesen kasuak jarri ditu adibidetzat. Bi horiek urtea amaitu artean produkzioa jaitsi egingo dutela iragarri dute berriki. Uda partean gehiago ekoizten hasteko asmoa erakutsi zuen VWk, hainbat herrialderen eskaera, besteak beste Poloniarena, handitu egin zelako. Urrian, ordea, igoera hori ez zela posible izango esan zuen lehenbizi eta, duela bi aste, produkzioa jaitsi ere egin beharko zutela.

Mercedesek inoiz baino furgoneta eta monobolumen gehiago egin ditu aurten, baina hark ere erritmoa moteltzea erabaki du.«VWk egiten dituen autoak, Polo markakoak, asko erosten ditu diru askorik ez duen jendeak; Mercedesen furgonetak ere behar dituzte garapen bidean diren herrialdeek.Bi horiek esportazioetan oinarritzen dira. Orduan zergatik erabaki dute ekoizpena jaistea?», galdetu du. «Argi dago beste interes batzuk daudela tartean», dio Imazek.

ACICAE klusterraren arabera, gaur egungo egoerak zenbat irauten duen, hori izango da gakoa. Krisiari baino gehiago begiratzen die ACICAEk automozio sektorean ematen ari diren aldaketei. Orain artean auto gehienak AEBetan, Japonian eta mendebaldeko Europan egiten ziren. Baina joera hori aldatzen ari da, eta gero eta arrakasta gehiago dute Asiako herrialdeek edota Brasilek berak.

Hori dela eta, ACICAEk argi du zein den automozioko enpresen erronka: «Europa da gure merkatu nagusia, baina badakigu geldialdian sartuko dela, eta beste herrialde batzuek gure antzeko bizi maila izango dutela. Orduan leku askotan kokatuta egotea izango da gakoa, ez Asian bakarrik, Asian eta Europan baizik».



Auto egileek milaka langile kalera bidaliko dituzte

Salmentak jaitsi egin direla eta, produkzioa jaistea erabaki dute Europako eta AEBetako ekoizle nagusiek
M. G. Donostia

Petrolioaren prezioa, hazkunde ekonomiko txikiagoa eta finantza krisia elkarrekin etorri izana ederki ari dira nabaritzen autoekoizleak. Gehienek uste baino gutxiago irabazi dute, eta Europako salmenten geldialdiari aurre egiteko ibilgailu gutxiago egitea erabaki dute. Askok langileak ere kaleratuko dituzte.

Volkswagen

Krisiari aurre egiteko «neurri gogorrak» hartuko dituela esan du Volkswagenek, besteak beste, «ezinbestekoak» ez diren inbertsioak ez eginda. Ekoizpena ere jaitsiko du. Iruñeko lantegian, esaterako, 6.750 auto gutxiago egingo ditu aurten. Halere, ez duela langilerik kaleratuko esandu enpresak. Alemaniako egunkari batek argitaratu duenez, behin-behineko kontratuak dituzten 25.000 lagun kaleratu nahi zituen enpresak, baina hark gezurtatu egin du.Volkswagenek Espainian duen filialak, Seatek, 20.000 auto gutxiago egingo ditu aurten. Horretarako, azaro eta abendu bitartean geldirik egongo da ekoizpena Martorell (Katalunia) herriko lantokian. Ostegun honetan jakinaraziko ditu Alemaniako konpainiak urteko hirugarren hiruhileko emaitzak.

Daymler

Luxuzko autoak egiten dituen munduko bigarren enpresarik garrantzitsuenak uste baino lau aldiz gutxiago irabazi du hirugarren hiruhilekoan, 213 milioi euro. Besteak beste, Gasteizko Mercedes da Daimler taldekoa. Hark, aurten, inoiz baino furgoneta eta monobolumen egingo ditu, baina joan den astean produkzioa jaitsi egingo zuela iragarri zuen. Aurreikusi baino ia 10.000 furgoneta eta monobolumen gutxiago egingo dituzte, eta horretarako, 11 egunean itxita egongo da lantegia. Ez dute inor kaleratuko. Arabako egoitza ez ezikDaimlerrek Alemanian dituen bi lantegi nagusiak, Sindelfingen eta Untertuerkheim herrietakoak, ere itxita egongo dira hilabetean. Gabonetan bi astean egon ohi dira geldirik, aurten, beste bi aste gehituko zaizkie oporrei.

Renault

Renaultek aurtengo hirugarren hiruhilekoan iaz epe berean baino %2,2 gutxiago saldu du, eta urte osoko emaitzak kontuan hartuz gero ere salmentak zertxobait jaitsi egingo direla uste du. Horregatik urtea amaitu artean ekoizpena %20 murriztea erabaki du, baita 5.000 lanpostu suntsitzea ere. Produkzioa murrizteko Frantziako lantegi ia guztiak itxita egongo dira astebetean edo bian, eta Europako lantegiak ere geldirik egongo dira egun batzuetan. Europan, 80.000 lagunek egiten dute lan Renaulten..

PSA Peugeot Citroen

PSA Peugeot Citroenek13.301 milioi euroko fakturazioa izan du ekainetik irailera bitartean, eta aurten salmentak %3,5 jaitsiko direla uste du. Hori dela eta, ekoizpena jaitsi egingo du laugarren hiruhilekoan, %30ean. Konpainiak Europan dituen lantegi gehienetan bi egunetik hasi eta hamaseira bitartean langabezianegon beharko dute hainbat langilek, eta errelebo batzuk ere kenduko dituzte.

Chrysler

Auto txikiak gero eta gutxiago saltzen badira, zeresanik ez handiak. Gisa horretako autoak egiten ditu batez ere Chryslerrek.Urte hasieratik 100.000 milioi dolarreko galerakizan ditu. Hori dela eta, urte amaiera artean bulegoetako langileen laurdena kaleratuko du, 5.000 lagun. Horrez gain, 2009an ixtea aurreikusten zuen Ohizko (AEB) lantegia aurten itxiko du. Chrysler General Motorsekin balizko fusio bat negoziatzen ari da, eta hori gauzatuz gero langile ugari kalean geratuko liratekeela diote, 66.000 lagun inguru hain zuzen.

General Motors

Azken hilabeteetan larri dabil AEBetako auto etxea. Analisten arabera, GM hilero 1.000 milioi dolar galtzen ari da, eta horrela jarraituz gero ez du aski likidezia izango 2009 amaierara iristeko. Enpresak iragarri du aldi batean ez duela langileen pentsioen funtsera dirurik bideratuko, baita langileak kaleratuko dituela ere.

Toyota

Zazpi urtean lehen aldiz Toyotaren salmentak jaitsi egingo dira. 8,5 milioi auto saltzea zen haren asmoa. Enpresak ez du jakinarazi nahi izan aurreikuspenak zenbatean jaitsi dituen.

BMW

Alemaniako etxeak irailean 121.000 auto saldu zituen, iaz epe berean baino %14,6 gutxiago. Hori dela eta, produkzioak jaitsi egingo du. Hain zuzen, Leipzigeko lantegia itxita egongo da lau egunean. 2.600 langileri eragingo die neurriak.





12 milioi

Familia. ACEA Europako auto egileen elkarteak emandako datuen arabera, Europan 12 milioi familia mantentzen dira automozio sektoretik. Kopuru hori, gainera, urtez urte hazten ari da. Alemanian dago, dezenteko aldeaz, automozio alorreko langile gehien.



Aldi baterako kaleratzeak Bridgestone eta Trelleborgen

Besteak beste, Bridgestonek eta Trelleborg-Inepsak aurkeztu dituzte orain artean enplegua erregulatzeko dosierrak. Aurrenekoak, 1.394 langile kaleratuko ditu, aldi baterako, Basaurin eta Usansolon (Bizkaia) dituen lantegietan; bigarrenak, 280 lagun inguru Iruñeko lantokian, horrek ere aldi baterako. Horrez gain, balaztak egiten dituen Atxondoko (Bizkaia) Fuchosa enpresak atzo bertan iragarri zuen gutxiago ekoizten hasiko dela. Aurtengo azken hiruhilekoan Europan %30 gutxiago salduko duela uste du. 280 lagunek egiten dute lan Fuchosan, eta iaz 44 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Datozen egunotan sindikatuekin bilduko da zuzendaritza hartuko dituen neurriei buruz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.