EAEko kontu ekonomikoen aurrerapena kaleratu zuen atzo Eustatek. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuz, %0,5 handitu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa. Urtarril eta martxo arteko emaitzekin alderatuz, era berean, %0,3 hazi zen. Bederatzi hilabetez tasa positiboak kateatu ditu ekonomiak, urtebete atzeraldi teknikoan igaro ondoren. Nafarroak orain dela aste batzuk jakinarazi zuen apiriletik ekainera %1,5eko hazkundea izan zuela, urte arteko tasari dagokionez.
Datorren astelehenean kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratuko ditu Eustatek. Atzo, dena den, hainbat joera azpimarratu zituen. Hala, zerbitzuek eta industriak gidatu zuten hazkundea urteko bigarren hiruhilekoan. Eraikuntzak eta lehen sektoreak, hala ere, atzera jarraitzen dute.
Enplegua lehen hiruhilekotik apur bat -%0,4- hazi dela aipatu zuen Eustatek, baina oraindik ere joan den urteko mailaren azpitik jarraitzen du.
Ekonomiaren ziklo aldaketa eta susperraldia indartu direla uste du Agirrek. Ez da ekonomiaren egoerari buruzko itxaropena nabarmentzen duen aurreneko aldia, gainera. Maiatzean ekonomia «hilabetetik hilabetera» hobetzen ari zela, eta egoera «jendeak uste baino hobea» zela aldarrikatu zuen Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Ikuspuntu horretan sakondu zuen atzo ere. «Industria produkzioa hazten ari da duela hilabete asko. Barne merkataritzak, aireportuek, turismoak eta merkantzien garraioak ere gora egiteko joera dute».
Gobernuko beste kide batzuk publikoan erakutsi duten zuhurtzia alde batera utzi zuen Agirrek. Esaterako, enplegua sortu arte krisia ez dela amaituko aipatu du Patxi Lopez lehendakariak berak behin baino gehiagotan. EAEn enplegu zerbitzu publikoen erroldan ia 130.000 langabe daude, joan den abenduan bezainbeste. Horietatik 42.000k bi urte edo gehiago pasatu dituzte lanik gabe, Lan Sailak emandako datuen arabera. Ezker Batuak langabeez «ahaztu» izana egotzi zion Agirreri atzo.
Apiril eta ekain arteko datu makroekonomikoak onak izan badira ere, tarte berean gastu publikoaren murrizketa esanguratsuak martxan jarri dituzte administrazio askok. Hala nola funtzionarioen soldata murriztu dute, lanpostu publikoak eta ordezkapenak gutxitu dituzte, eta pentsioak izozteko erabakia hartu dute.
BEZaren bultzada aparta
Beste datu lasaigarri bat jaso dute Jaurlaritzak eta foru aldundiek. Itundutako zergen bidez bildutako dirua %14 handitu da uztail arte. Ez da emaitza txarra, joan den urtean bilketa hondoratu zelako, baina ñabardurak ez zaizkio falta. Hala, igoera gehiena BEZaren bultzada apartari zor zaio. Iazko kopuruekin alderatuta, %44 handitu da zerga horrekin jaso den dirua. Edonola ere, uztailean BEZaren tasa orokorra %16tik %18ra igo zuen Espainiako Gobernuak, eta posible da kontsumitzaileek erosketa handi asko aurreratu izana, igoerari aurrea hartzeko. Zerga tasaren aldaketaren eragina datozen hilabeteotan neurtu beharko da.
Itundutako zergei esker ogasunek aurten 11.375 milioi euro biltzea espero zuen Finantzen Euskal Kontseiluak joan den urteko urrian, 2009 urtean baino %5 gehiago. Bilketak kopuru hori gaindituz gero, dirua inbertsioak suspertzeko baliatzea nahiago luke Agirrek, zorpetze maila arintzeko erabili beharrean.
Aurrekontu «murriztaileak»
Bitartean, datorren urteko aurrekontu proiektua prestatzen ari da Ogasun Saila. Kontuak «murriztaileak» izango direla aurreratu zuen sailburuak, «oraindik ez da gastua hedatzeko unea». Esaterako, alderdi, fundazio, elkarte eta bestelakoei diru laguntzak %3 jaitsiko dizkietela iragarri zuen Lopez lehendakariak, gastu publikoa gutxitzeko. Datorren urriaren 26an egitasmoa onartzeko asmoa du Gobernu Kontseiluak, aldez aurretik heldu den urterako finantza ekarpenak aldundiekin adostu ondoren.
Industria produkzioari buruzko uztaileko datua jakinarazi dute EAEko eta Nafarroako estatistika erakundeek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %4,7 igo zen aurreko urtearekin alderatuz. Nafarroan, berriz, hazkundea %4,5 izan zen. Herrialde horretan, batez beste, %13 handitu da ekoizpena lehen zazpi hilabeteetan. Autogintzarekin lotutako garraio materialek sustatu dute hazkundea, %47 igo baitira.
############
Frantzia
%0,3
Hazkundea. Frantziako Bankuaren arabera, urteko hirugarren hiruhilekoan %0,3 haziko da herrialdeko ekonomia. Industria eta zerbitzuen egoerari buruzko hileko txostenean egin du iragarpena.############