Enpresen kopuruak behera egin du beste urtebetez jarraian. Egoera ekonomikoa dela tarteko, 2007an baino 18.840 enpresa gutxiago (-%9,41) daude Hego Euskal Herrian. Guztira, 200.310 enpresa daude; 2005eko mailan daude gaur egun. INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu iazko datu horiek. Aurten ere kopuru horrek behera egiten jarraituko du, iazko emaitzak baino okerragoak izango dituztela uste baitute Hego Euskal Herriko enpresaburuek.
Krisi ekonomikoa mugarriaizan da enpresen sorreretan eta itxieretan. Esaterako, 2007an 33.292 enpresa gehiago zeuden, 1998. urtearekin alderatuz gero.Artean, 219.150 enpresa zeuden Hegoaldean. Kopuru horrek 2006 eta 2007 artean egin zuen gehien gora: hain justu, 11.577enpresa gehiago zenbatu zituzten. Aldiz, urte horretatik aurrera, kopurua jaitsi egin da urtez urte. Garai okerrena iazkoa izan zen; izan ere, 2010ean baino 6.727 enpresa gutxiago (-%3,36) zenbatu zituzten, 2007tik izandako jaitsierarik handiena.
Herrialdeka, Gipuzkoa ari da jasaten gehien: krisi ekonomikoa hasi aurretik baino 7.995 enpresa gutxiago daude (-%14,39). Bizkaian, berriz, orduan baino 6.629 enpresa gutxiago (-%8,01) zenbatu dituzte. Araban 1.674 enpresatan jaitsi da zenbatekoa, hain zuzen ere, % 8,11ko beherakada izan du. Nafarroan 2.542 enpresa gutxiago (-%6,15) daude 2007. urtearekin konparatuta. Enpresa gehien Bizkaian daude: guztira, 82.787.Gipuzkoan, ostera, 55.574 enpresa daude, Nafarroan 41.305, eta Araban 20.644.
Kooperatiba gehiago
2007. urtean baino 6.103 ardura mugatuko sozietate gehiago daude Hegoaldean; 60.436 dira. Ildo beretik jo dute kooperatibek ere, eta gaur egun orduan baino 262 gehiago daude: zehazki, 1.756. Horren adibide da Javier Goienetxe Koofekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak ekainean esandakoa: «Enpresek ateak ixten dituzten bitartean, kooperatiba berriak sortzen ari dira». Hori bai, denek ala denek bezala, aurtengo urtea gogorra izango dutela uste du. Nolanahi ere, emaitzetan «hobea» izango dela aurreikusi du, diru sarrerak gora egitea espero baitu.
2007tik izandako jaitsierei dagokienez, beherakadarik handiena sozietate anonimoek izan dute, era horretako 1.548 enpresa gutxiago zenbatu baitituzte. Hego Euskal Herrian, 7.792 sozietate anonimo daude guztira. Ondasun erkidegoek ere behera egin dute laugarren urtez jarraian. 1.237 gutxiago zenbatuta, guztira, 10.035 ondasun erkidego daude.
Langile kopurua kontuan hartuta, enpresen %52,47k ez du soldatapeko langilerik. Aldiz, soldatapeko gehien dituztenen artean, langile bat edo bi dituzten enpresak dira nagusi (%27,88). Hiru eta bost langile dituzten enpresen ehunekoa 9,15ekoa da. Zerrendaren beste aldean daude Hegoaldeko hiru enpresa, soldatapeko 5.000 langile baino gehiago baitituzte.
Enpresen egoera ekonomikoaren adierazgarri da Hartzekodunen Legera jo dutenen kopurua. Iazko garai berarekin alderatuta, urteko bigarren hiruhilekoan %23,03 enpresa gehiagok jo dutelege horretara Hego Euskal Herrian dituzten zorrak ordaindu ezinda daudelako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 124k jo dute, eta Nafarroan, 28k.
Krisia hasi aurretik baino 19.000 enpresa gutxiago daude Hegoaldean
Egoera ekonomikoak eraginda, iazko urtea izan zen okerrena, enpresen zenbatekoa %3,36 jaitsi baitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu