Bigarren Mundu Gerraz geroztiko emaitza makroekonomiko okerrenekin hasi du urtea Europako Batasunak (EB). Urtarriletik martxora, Barne Produktu Gordina iazko tarte horretakoa baino %4,4 txikiagoa izan da. Gainera, atzeraldia bizkortu egin da: iazko azken hiruhilekoan aurrekoan baino %1,5 txikiagoa izan zen BPGa, eta aurtengo lehenengoan, berriz, urritik abendura baino %2,5 txikiagoa.
Atzeraldiaren erantzule nagusiak EBko herrialde handiak dira, eta, bereziki, handienetan handiena: Alemania. Izan ere, kanpo merkataritzaren amiltzeak bete-betean harrapatu du hango ekonomia esportatzailea, eta jarduera eten egin du: iazkoa baino %6,9 txikiagoa izan da BPGa, eta aurreko hiruhilekoa baino %3,8 txikiagoa. Azken hori daturik txarrena da 1970an era fidagarrian biltzen hasi zirenetik.
Datuak uste baino okerragoak izan arren, analistek itxaropenerako atea irekita utzi dute. Izan ere, martxoan, aspaldiko partez, enpresen eskariak eta ekoizpena amildu beharrean mantendu egin ziren. Horri esker, baliteke oraingo hiruhilekoa hain txarra ez izatea.
Datu onen beharra du Italiak ere. Azken urteotan Europan gutxien hazi den ekonomia izatetik, gehien amiltzen denen artean kokatzera igaro da: -%5,9 egin du azken urtean, eta -%3 azken hiruhilekoan. Daturik txarrena da 1980az geroztik.
Frantzia, ofizialki atzeraldian
Ustekabea, txarrerako, Frantziak eman du. EBko herrialde handien artean ofizialki atzeraldian sartzen azkena izan da, orain arte ez baitzituen bi hiruhileko negatibo jarraian izan. Baina egin duenean, indarrez egin du: BPGa iaz urtarriletik martxora baino %3,2 txikiagoa izan da aurten. Christine Lagarde Ekonomia ministroak aitortu du urtea %3ko murrizketarekin bukatuko dutela, aurretik esandakoaren halako bi.
Edonola ere, egoerarik okerrena Baltiko aldean bizi dute. Letoniako BPGa %18,6 murriztu da azken urtean, %15,6 Estoniakoa eta %10,9 Lituaniakoa.
Datuak beltzak izanagatik, «leku guztietan kimu berdeak» ikusten ditu Dominique Strauss Kahn Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak. Atzo Vienan esan zuenez, ekonomia suspertzeko gobernuek hartutako neurriak eraginkorrak izaten ari dira, eta «urrian, azaroan edo abenduan» iritsiko da joera aldaketa.
Krisiak okerrera egin du urteko lehen hiruhilekoan Europako Batasunean
Barne Produktu Gordina %4,4 txikitu zen iazkoarekiko, eta %2,5 aurreko hiruhilekoarekiko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu