Krisitik irteteko akordio nazional bat egitea proposatu du LABek

LABek uste du Raxoiren gobernuak botere eta baliabideak zentralizatu nahi dituela, gero finantza sistemaren esku lagatzekoAkordioak Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko eragileen artekoa izan behar duela dio

Arantza Sarasola eta Ainhoa Etxaide, atzo Bilbon egindako agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gastu publikoa murrizteko hartu dituen neurri ekonomiko eta fiskalei eta datozen asteetan egin nahi dituen erreformei kritika gogorra egin die LAB sindikatuak. Haren ustetan, neurri eta erreforma horiek ez dute krisiari aurre egiteko balioko, gobernuaren helburuak beste batzuk direlako. «Estatuak ahalik eta baliabide gehien pilatu nahi ditu finantza sistemaren esku jartzeko, hark zuloak tapa ditzan», adierazi zuen Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak Bilbon egindako agerraldian. Horregatik, Madrilen erabakiei erantzuteko eta krisitik irteten hasteko balioko duen akordio nazional bat egitea proposatu zien Euskal Herriko politika, ekonomia eta gizarte eragileei.

Mariano Raxoiren gobernuak hartu dituen neurriak eta egin nahi dituen erreformak «estatuaren deszentralizazio politiko eta administratiboan atzera urrats bat» direla iritzi dio LABek. «Esku sartze izugarria eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso larria», Arantza Sarasola sindikatuko Zerbitzu Publikoko federazioko zuzendariaren esanetan, Madrilek bere gain hartu duelako «gizarte eta ekonomia eredu propio eta bestelako bat garatzeko» oinarrizkoak diren hiru konturen erantzukizuna: negoziazio kolektiboaren erreforma da lehena, lan merkatuaren erreforma bigarrena eta sektore publikoaren etorkizuna hirugarrena.

Sarasolaren arabera, negoziazio kolektiboaren erreformak lan itunak «zentralizatzea» ekarriko du, eta, ondorioz, euskal langileen soldatek eta lan baldintzek okerrera egingo dute. Lan erreformak, berriz, kaleratzea are gehiago merkatuko eta enplegu prekarioa sortuko duela. «Ez du lanposturik sortuko, desagerrarazi baizik, eta gizarte bazterketa eta prekarietatea areagotuko ditu, lana izanda ere pobrezian erortzea saihesteko gai ez den enplegu eredua delako», gaineratu zuen Etxaidek. Azkenik, Raxoiren gobernuaren asmoa sektore publikoa «desegitea» dela ohartarazi zuen Sarasolak, bestela ez ziela langile publikoei lanaldia luzatuko, ez zuela lanbide arteko gutxieneko soldata izoztuko, ez zukeela osasun sisteman birrordainketa ezarri nahiko eta ez zuelako mendekotasun legearen onuradunen kopurua murriztuko.

Horiek hala, LABeko idazkari nagusiak premiazkotzat jo zuen Euskal Herriari krisitik irteteko bidea emango dion akordio nazional propio bat eraikitzea. Akordio hori eragile politiko, ekonomiko eta sozialek egin beharko luketela ere zehaztu zuen. Alderdi guztiekin hitz egiteko prest azaldu zen Etxaide, baina onartu zuen, herrialde gisa konpromisoak hartzekotan, akordioa burujabetzaren aldeko eragileek egin beharko luketela. Zentzu horretan, Madrilen euskal esparrua defendatzeko eskatu zien EAJri eta Amaiurri eta neurrien kontra mobilizatzeko herritarrei. «Herri gisa kalera irten behar dugu beste errealitate juridiko eta politiko bat eskatzera».

Bilduk ere Raxoiren murrizketa neurriak kritikatu zituen eta irtenbide gisa autogobernua defendatu zuen. Maiorga Ramirez alderdi horrek Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak jakinarazi zuen neurrien kontrako mozio bat aurkeztuko dutela Madrilen onartutako neurriek Nafarroan eraginik izan ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.