Azkarraga sailburuak azaldu duenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegu politikak garatuko eta sustatuko ditu, batik bat, langabezia tasa handiak dituzten gizarteko sektoreei zuzendatuta: gazteak, 45 urtegik gorakoak, ezintasunak dituztenak eta gizartetik bazterrera geratzeko arriskuan dauden pertsonak.
Lehen epe batean, gaurtik urte amaiera bitartean, hiru bulego zabaltzeko asmoa du Lanbidek: Agurainen gaur inauguratutakoaz gain, Basaurin (Bizkaia) jarriko dute beste bat eta hirugarrena Irunen (Gipuzkoa). Horren ondoren, ebaluazio bat egingo da, piskanaka beste 27 bulego ireki baino lehen, proiektu estrategikoan jasotzen diren 30 bulegoak osatu arte, proiektu hori baita aipatu sailaren enplegu arloko politikaren "zutabe nagusia".2004-2006 arteko Enplegu Planean sartzen da 30 bulego horiek irekitzea.
Planak tokian-tokikoari ematen dion garrantzia azpimarratu du Lan sailburuak, eta Lanbidek egiteko bikoitza duela adierazi du: kudeaketa eta estrategia. Kudeaketari dagokionez, Enplegu Planaren programa publikoak gauzatzeaz arduratuko da, lurraldeko langabetuen beharrei erantzuteko. Estrategiari dagokionez, Lanbide lankidetzan arituko da tokian-tokiko eragileekin, eta enplegu politiken sustatzaile lanak egingo ditu eremu bakoitzeko erakundeek garapen maila nahikorik ez badute.
Azkarragaren arabera, Jaurlaritzak 23 urtetan enplegu politika aktiboei buruz egin duen aldaketa handiena egin du Lanbideren bidez, eta "kalitatezko enplegua" sortzeko lagungarri izango da. "Berria den guztiak, politika aurrerakoietan oinarritzen den guztiak, aitzindaria den guztiak oztopoak eta errezeloak gainditu behar izaten dituen arren, tresna hau berezitua da, enplegurako jarduketak modu osotu, pertsonalizatu eta berezituan kudeatzeko balio izango duena", nabarmendu du.
Sindikatuen arabera, "itxurakeria" da
Jaurlaritzako Lan sailburua ekimenarekin pozik eta gustura agertu den arren, kritika askori egin behar izan die aurre, sindikatuek egindakoei zein patronalak jaurtitakoei. Hain zuzen ere, CCOO, UGTeta USO sindikatuek elkarretaratzea egin dute Agurainen, bulego berriaren atarian, Gasteizko Gobernuaren ildoarekin ez datozela bat adierazteko. Sindikatu horien iduriko, Lanbidek langabeei ematen zaizkien zerbitzuak bikoiztu baino ez ditu egiten, eta eskaera zehatz bat egin dute: Jaurlaritzak bere gain ditzala enplegu arloko eskumenak. "Euskadin ia 900 langile gaude INEMen 30 urtez enplegu arloan lanean gabiltzanak. Lanbideren bidez, gizarteari ematen zaion zerbitzua bikoiztu baino ez da egiten. Batetik, Jaurlaritzak ematen du berea, bestetik INEMek, diputazioak ere badabiltza arlo horretan... hori guztia integratu egin behar da", kritikatu du CCOOko Iñigo Urzelaik.
ELAk eta LABek ez dute parte hartu elkarretaratzean, baina, hala ere, kritiko dira Lanbiderekin: ez diote eragingarritasunik ikusten; aitzitik, itxura egiteko baino ez dutela balio uste dute. "Jaurlaritzak ez du planteatzen estrategia bat eskumenak lortzeko eta erabiltzeko; horren faltan itxura baino ez da egiten", salatu du ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak.
Arabako patronala: "Oso albiste txarra da"
Sindikatuak ez ezik, patronalak ere kritikatu du Jaurlaritzaren erabakia. Jose Manuel Farto Arabako Patronaleko idazkari nagusiaren iduriko, dirua xahutzea baino ez da Lanbide sortzea. "Oso albiste txarra da herritarrentzat, gure zergetako dirua alferrik gastatzea baita", agertu du. "Egin daitekeen txarrena baliabideak bikoiztea da. Ez dugu ulertzen Estatuak sare bat edukitzea eta guk best bat. Atariko bandera aldatuko dute, baina besterik ez", gaineratu du. Fartoren arabera, INEMen transferentzia lortzeko elkarrizteken porrotaren ondorioa baino ez da Lnabide zabaltzea.
Enplegua
Kritiken artean zabaldu du Jaurlaritzak Lanbideren lehen bulegoa, Agurainen
Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak inauguruatu du gaur goizean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurreneko bulegoa, Agurainen (Araba). Azkarragak adierazi du Lanbide lagungarria izango dela "kalitatezko enplegua" sortzeko. Nolanahi ere, sindikatuen zein patronalaren kritikak jaso ditu Jaurlaritzaren ekimenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu