Egitura

Kubako ateak zabaltzen

Castroren gobernuak Marielgo eremu berezia ireki aurretik, Euskal Herriko 34 enpresa izan dira Habanako FIHAV azokan, orain arteko jendetsuenean.

2013ko azaroaren 10a
09:41
Entzun

Eusko Jaurlaritzak agur edo gero arte esan dio Kubari, baina ez, ordea, euskal enpresek. Krisiak bultzatuta, SPRIk 11 urtez Habanan izan duen bulegoa ixtea erabaki du. Eusko Jaurlaritzak, gainera, aspaldiko partez erabaki du ordezkaritzarik ez bidaltzea Habanako FIHAV industriaren azokara. Enpresek, baina, ez dute huts egin. Azken hamarkadako azokarik handiena izan da, eta parte hartu duten 400 enpresetatik Euskal Herriko 34 izan dira, iaz baino bederatzi gehiago.

Erakundeen erabakia gorabehera, Kuba artean negozioak egiteko leku ona dela uste dute azokara hurbildu diren euskal enpresek. Eta denen ahotan bada gai bat: Kubako Gobernuak uhartean erabiltzen ziren bi diruak —hiru dolarra zenbatuz gero— batzea. «Ezinbesteko neurria da», uste du Mikel Etxarte SINI Euskal Herria enpresako zuzendariak, nahiz eta ez dituen baldintza ekonomikoak ikusten ongi egiteko. Euskal enpresei gutxi eragingo diela azaldu du Teodoro Bastida Euskal Enpresako lehendakariak, gehienek euroekin eta dolarrekin lan egiten dutelako.

Datu ofizialen arabera, euskal enpresek 120 milioi euroren negozioak hitzartu zituzten iaz uhartean. Aurten, datu ofizialen esperoan, zenbateko hori gutxienez mantentzea espero du Bastidak. Azoka horretarako bidea dela uste dute enpresaburuek. «Hemen egotea ona da, harremanak mantentzeko eta berriak egiteko, negozioak hitzartzeko eta sinatzeko», nabarmendu du Iñigo Etxezarretak, Azkoitiko Zubiola enpresako ordekariak. Lehen aldia du azokan,orain arte kontratuak bitartekarien bitartez lortu baititu, eta pozik daude emaitzarekin. Ner Group taldearen babespean joan da Zubiola Habanara, Ebi, Gashor eta Konduarekin batera. Talde horren barruan Habanan egoitza bat duen bakarra da Panelfisa, eta uhartean torlojuak saltzen pilatu duen 17 urteko esperientzia baliatzen dute Ner Groupeko beste enpresa sartu berriek ere.

Kuban denbora gehien egin dutenen artean dago SINI Euskal Herria, 25 urte alegia. Harrobietan erabiltzen diren makinak saltzen dituzte, baina baita nekazaritzan erabiltzen diren makinak ere. Etxarte zuzendariaren iritziz, «herrialde ona da negozioak egiteko, baldin eta negozio azkarrak egitera ez bazatoz». Kubak begi onez ikusten ditu euskal enpresak, oro har, fidagarriak eta serioak diren ustea zabalduta baitago, Etxartek azaldu duenez.

CESYTAk 1997tik egiten du lan Kuban. Euskal Herrian ekoizten diren sarrailen banatze lanak egiten dituzte. Sektore turistikoan egiten dute lan gehienbat. «Turismoa goraka ari den sektorea da, gainera, Kubako Gobernuak 2020rako plan handinahi bat du esku artean, eta oraingoz betetzen ari dira», esan du Dario Alonso CESYTAko lehendakariak. Iaz 1.900 gela eraiki ziren, eta aurten, 2.900; 2020rako 25.000 gela egin nahi dituzte turista gehiago jasotzeko. Garai gogorrenak igarota, Kuban geratzeko arrazoi dira turista horiek. Eta Habanako gobernuak badaki atzerriko enpresen beharra daukala turismoa ez ezik beste sektore batzuek aurrera egiteko. «Kanpoko kapitalak Kubako garapen ekonomikoan duen garrantziaz konbentziturik gaude, eta, horregatik, arduraz egiten dugu lan inbertsio politikak eguneratzen», azaldu du Rodrigo Malmierca Kanpo Merkataritza eta Inbertsioen ministroak. Inbertsio hori ugaritzea da, hain zuzen ere, gobernu sozialistak orain bi urte martxan jarri zuen erreforma ekonomiko eta sozialen ildo nagusietako bat. Iaz eraiki ziren hotel kopuruari erreparatuz gero, badirudi turismoa garatu nahi duten enpresak erakartzeko arazorik ez zela izan. Elikagaien ekoizpena gehitzera bideratuta dauden enpresak ere begi onez ikusten dituzte agintariek, hori baita herrialdeak duen gabezia handienetako bat.

Marielgo eremu berezia

Horrez gain, «garapen gune berezi» delakoetan kanpo inbertsioa osagarri onuragarria da Kubako ekonomian. Brasilgo Gobernuaren laguntzaz, Habanatik gertu eraikitzen ari den Marielgo portu komertzialak itxaropen handiak sorrarazten ditu. Ez da harritzekoa, hortaz, Marielgo garapen gune bereziari tarte berezia ematea aurtengo azokan, eta Malmierca ministroak hitz ederrak izatea «berrikuntza teknologikoak eta kudeaketan lagunduko duten eraberritzeak» ekarri behar dituen proiektu horretarako. Funtsean, Raul Castroren gobernuak egin nahi du Deng Xiapingenak Txinan 1980tik aurrera Shenzhenen egin zuena: zerga eta araudi aldetik erraztasunak eman atzerriko inbertsiogileei. Txinan bezalako emaitza izango duten ikusteko dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.