Kudeatzaileek Xey «espekulatzaileen eskura» utzi dutela salatu du LABek

Sindikatu abertzaleak uste du dirua lehenesten ari dela enplegu sorrera sustatu beharrean. Asteartean jakingo da ba ote den erosleren bat

Xey itxieraren aurkako protesta, aurtengo uztailean. GORKA ESTRADA / EFE.
xabier martin
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hasi da atzerako kontua Zumaiako (Gipuzkoa) Xey enpresarentzat. Datorren asteartean bukatuko da likidazioaren lehen fasea, eta altzari enpresak eroslerik ba ote duen jakingo da. LAB sindikatuak salatu du konkurtsoa daraman kudeatzaileek ateak ireki dizkiela «espekulatzaileei», enpresaren jabetza guztiak sorta bakar batean saldu ordez bereiz likidatuko dituztelako: marka eta makineria, batetik, eta pabiloia, bestetik. Norgestionek —epailearen oniritziz— hartutako erabaki horrek aukera emango die eskaintzak egiten dituztenei Xey marka erabiltzeko, enplegurik sortu beharrik gabe.

Horrela uste du sindikatu abertzaleak, eta gogorarazi du aurreko abuztuan, Zumaiako lantegia itxi zenean, 140 behargin kaleratu zituztela. Horiek horrela, altzari fabrikaren inguruan sor daitekeen edozein proiektu berriri enplegua sortzeko betebeharra jartzea nahiko luke LABek. Baina, gaur-gaurkoz, Xeyrentzat ez dago esperantza handirik; hasteko, konkurtso kudeatzaileek ez dutelako langileak kontratatzeko obligaziorik ezarri marka erabili ahal izateko, edo pabiloia erosteko.

LABen arabera, Xeyren porrota«gezurren, gardentasunik ezaren eta informazio ezkutatzearen ondorio» izan da. Abuztuaren 2an, enpresa historikoak itxi ondoren, 140 behargin langabezian geratu ziren. «Eta hori gutxi balitz bezala, akzioen %30aren jabetza Eusko Jaurlaritzaren esku zegoela jakin genuen», dio sindikatuak; «langileontzako helduleku izan beharrean, esku pribatuak inongo berme sozial eta industrialik gabe nola hornitzen diren erakusteko eredu izan da, industria sarea babesteko inongo politikarik ez dagoenaren adibide mingarria». Jaurlaritzaren aurkako salaketa larriarekin aurrera egin du LABek: «Guztion dirua txeke zuri bat balitz bezala erabili dute, konpromisorik ezarri gabe eta jarraipen minimorik egin gabe».

Zorra versus enplegua

Gaurko errealitatea da enpresaren likidazio faseak azken txanpa hartu duela, eta kudeatzaileek ahalik eta diru gehiena ateratzearen alde egin dutela, sindikatu abertzalearen ustez, eta ez enplegua sortzearen alde. Zorrak pagatzea lehenetsi dutela dio LABek: «Proiektu berri baten sartzeko likidazio plana baino gehiago, ahalik eta diru gehiena ateratzeko plana da. Lanpostuak birsortzea eta etorkizuneko proiektu erakargarri bat aurkeztea zailtzen duen plan bat da, finean».

Sindikatuak eskatu du industria proiektu bat eta lanpostuen bermea diruaren gainetik jartzea: «Pertsonak dirua baino lehen». LABek dio Xey «erabaki okerrek eragindako zorpetzeak» ito duela, baina bere jarduerak irabaziak eman zituela azken urteetan. «Proiektu berri bat martxan jar liteke. Ezin dugu espekulatzailerik onartu. Erosleren batek langileak hartzeko konpromisoa hartuko balu, eskaintza hori lehenestea eskatzen diegu kudeatzaileei, hori litzatekeelako irtenbide onena langileentzat, hartzekodunentzat eta eskualdearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.