Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleek hegalaburren kuota osoa saldu dute, eta, ondorioz, aurten baxurako ontzidia ez da itsasora aterako atungorria harrapatzera.Iaz, kuotaren %70 saldu zioten Murtziako enpresa bati; aurten, berriz, kuota osoaren truke egin dute tratua. Hegalaburraren kuotari «txikiegia» iritzi diote arrantzaleek errentagarria izateko. «Gure arrantzatzeko modua dela eta, ezin diogu errentagarritasunik atera», esan du Miren Garmendia Gipuzkoako kofradiako idazkariak. Egoera hori ikusita, Barbateko almadrabari saldu diote (Cadiz, Espainia) 450.000 kilo atun harrapatzeko baimena.
«Hauxe egitera behartu gaituzte», azaldu du Miren Garmendiak. Espainian banaketa egiteko modua gogor salatu du, euskal arrantzaleek hegalaburra harrapatzeko duten eskuzko modua ez dutelako kontuan hartu. Garmendiaren hitzetan, denak sartu dituzte «zaku berean». Euskal arrantzaleak espeziea egoera «txarrean» egoetaren erantzule ez direla dio. Hala, «aurretik gaizki egindakoaren ondorioa da» arrantzaleek euren kuota saltzeko hartutako erabakia .
Kaian geratzea, hobe
Arrantzaleen erabakiak hainbat kritika eragin ditu, baina Gipuzkoako kofradiako idazkariaren aburuz, «kritikatzen dutenek arrantzaleak babestu behar zituzten lehenago». Horrela saihestuko zen arrantzaleentzat «errentagarriagoa» izatea kaian geratzea itsasora ateratzea baino.
Bost milioi euroren irabaziak ekarriko dizkie kuotaren salmentak arrantzaleei. Barbateko almadrabak izango ditu eskubideak, Murtziako multinazional baten bidez (Ricardo Fuentes e Hijos). Bizirik izaten dituzte atunak leku jakin batean haiek, behar bezala gizentzeko, eta eskaeraren arabera harrapatzeko. Japoniako merkatuan saltzen dute hegalaburra.
Kuotaren salmentak «beste kanpainetan aritu ahal izatea» ekarriko die. Hegaluzearen kanpaina maiatzaren aste gutxian hasiko da, baina aurten ez da Eusko Labeleko hegalaburrik izango arrandegietan.
Kuota saldu, eta hegalaburra harrapatzeari uko egin diote arrantzaleek
Bost milioi euroren truke saldu diote Barbateko almadrabari 450.000 kilo atungorri harrapatzeko baimena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu