Kupoaren likidazioan 366,8 milioi ditu jokoan Jaurlaritzak

EAEri dirua ukatzen dio Espainiako Gobernuak; desadostasunak argitu arte ez da kupoaren lege berria negoziatuko

Ivan Santamaria.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Buruhauste amaiezina bihurtu da egungo kupoa Eusko Jaurlaritzarentzat. Espainiako eta EAEko gobernuen arteko finantza harremanak arautzen dituen legea orain dela bost urte onartu zen, eta ia hasieratik izan dira interpretazioan desadostasunak. Datozen urteetarako irizpideak negoziatu behar dituzte aurten, baina aldez aurretik azken ekitaldietako likidazioan ados jarri behar dute bi administrazioek. Kitapen horretan 366,8 milioi euro ditu jokoan Jaurlaritzak, baina 540 milioi izan litezke jarrerak tenkatu eta negoziazioak blokeatzen badira.

Maiatza hilabete erabakigarria izango da. Orduan hitzartu behar dute Espainiako Ogasunarekin joan den urteko likidazioa, eta aurtengo kupoaren lehen ordainketa egitea dagokie. Adostasunik ez badago, ordainketa horretatik 366,8 milioi euro atxikiko ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak. Eztabaida hasi zenetik, bi administrazioak ari zaizkio elkarri dirua ukatzen. Jaurlaritzaren ustez, Espainiako Ogasunak ez ditu Kupoaren Legean ezarri ziren irizpideak zenbait alorretan jarraitu, eta horrek sortu du auzia.

Madrilen eta Gasteizen PSOEgobernatzen ari zela ez zen konponbiderik aurkitu. Orain, ordea, PPko gobernu batekin bilatu beharko du konponbidea Jaurlaritzak. Oraingoz, bilera bakarra izan zuten bi administrazioek, urtarrilean. Egoera aztertuko zuela agindu zuen Antonio Beteta Administrazio Publikoetako estatu idazkariak, baina artean ez du auziaz duen jarrera azaldu.

Kupoaren lege berria negoziatzeko prozesua ere aurki hasi beharko lukete bi gobernuek, baina ezer aurreratu baino lehen orain arteko trabak desagertzea nahitaezkoa da. Ikusi beharra dago, gainera, popularrek izango duten jokabidea. Ez zuten bozkatu 2007 urtean onartutako legearen alde, eta irizpide batzuk kritikatu zituzten.

Aspaldikoak dira desadostasun batzuk. Esaterako, Hezkuntzaren Lege Organikoaren garapenari buruzko akordio faltak 2008, 2009, eta 2010. urteetako kupoak behin betiko likidatzea eragotzi zuen. 2009. urtean menpekotasunalorrean E planak eman zuen diruaren kitapenari buruzko akordio falta gehitu zitzaion. Bien artean 96 milioi euro dira.

Eguneratzearen korapiloa

Espainiako erkidegoen finantzazioaren aldaketak sortu zuen beste eztabaida puntu bat. Kupoa finkatzeko legea onartzen den urtean kopuru oinarri bat zehazten da, eta hurrengo urteetan eguneratzen da, Espainiak izandako zergen diru bilketaren arabera. Erkidegoen finantzaketa aldatu zenean, haatik, kupoa eguneratzeko indizea bere kasa aldatu zuen Espainiako Ogasunak.

Espainiak ezarritako moldaketarekin, 183 milioi euro galduko lituzke Jaurlaritzak. Carlos Agirrek zuzentzen duen departamendua prest legoke eguneratze indizea onartzeko, baina trukean kupoaren oinarria berriro kalkulatzea nahi du. Hala eginez gero, biak konpentsatuta geratuko lirateke. «Aldea izatekotan, geure mesederako litzateke», zehaztu dute saileko ordezkariek. Oraingoz, 2011ko kupoari soilik dagokio desadostasuna, baina, hurbilketarik ez balego, aurtengoa gehituko litzaioke (beste 183 milioi).

Azken atala enplegu politika aktiboena da. Kasu horretan, arazoak gainditzea errazagoa izatea espero du Ekonomia eta Ogasun sailak, kontratazioari emandako pizgarrien eta politika aktiboak finantzatzeko bideratu den aurrekontuaren datu zehatzak maiatzean espero dituztelako.

Kontzertu Ekonomikoaren ondorio da kupoa. Horren bidez, Espainiaren eskuetan jarraitzen duten eskumenak finantzatzeko — Koroa edo armada, esaterako — dagokion partea ordaintzen du EAEk. Eskualdatuta ez dituen eskumenen aurrekontutik %6,24 ordaintzen du, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.