'Kutxa' izena erabiliko du jendaurrean Euskadiko Aurrezki Kutxa berriak

BBK-k eta Kutxak hilaren 28an egingo dituzte bat-egitea eztabaidatzeko aparteko batzar nagusiak

IKER ARANBURU DONOSTIA
2008ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Izen ofiziala Euskadiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea izango du, baina kalean Kutxa izen soilarekin azalduko da. Hizki handiz idatzita azalduko da karteletan eta inprimakietan, eta puntu gorri bat izango du izenaren atzetik. Hala erabaki dute finantza erakunde berriaren bi bultzatzaileek, Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) eta Gipuzkoa Donostia Kutxak. Batek zein besteak hilaren 28an egingo dituzte bat-egiteari buruzko batzar nagusiak.

Hizki handien bidez bereizi nahi du Kutxak orain izen komertzial hori erabiltzen duen Gipuzkoa Donostia Kutxatik. Azken horretako zuzendaritzak ziurtatu duenez, Kutxa «marka motza da, eta zirraragarria, sonoritate indartsukoa eta ikusmen aldetik pertsonalitate oso markatua duena». Gainera, Kutxako zuzendaritzak uste du Kutxa izena dela «euskal aurrezki kutxa guztiak» ongien biltzen dituen kontzeptua, eta Vital Kutxarentzat ere baliagarria izango dela, hark «bat egitea erabakitzen duenean».

Izen komertziala Kutxa izateak ez du inor askorik harritu. Batetik, Euskadiko Aurrezki Kutxaizen luzea da, eta, bestetik, antzekoegia Mondragon taldeko Euskadiko Kutxaren izenarekin. Azken horrek Caja Laboral izena ere baliatzen du Euskal Herritik kanpora.

Gainera, finantza erakunde berriak negozioaren zati handi bat Euskal Herritik kanpo egingo duenez, ez zaio komeini euskal nortasuna askorik azpimarratzen duen izenik. Hots, euskal izena bai -barrura begira hemengo nortasuna aldarrikatzeko-, baina diskretoa -Espainian euskal kutsuko izenek sor dezaketen arbuioa eragozteko.

Bat-egitea airean

Kutxa berria urtarrilean hasiko da lanean, baldin eta BBKren eta Kutxaren batzar nagusiek bat-egitea onartzen badute, hilaren 28ko aparteko bileretan. Bizkaian ez da arazorik izango, BBK kudeatzen duen EAJ-EAko taldeari CCOO sindikatuarekin botoak gehitzearekin nahikoa delako bi hereneko gehiengoa lortzeko.

Gipuzkoan, berriz, gainditu beharreko hesia garaiago da. 67 boto behar dira, baina zuzendaritzak 66 baizik ez ditu erabat ziurtatuta -EAJren 51 eta CCOOren bederatzi- edo nahiko ziur -Ezker Batuko hiru, Pixkanaka-Kaskari langileen sindikatuko bi eta Aralarreko bakarra-.

Gainontzeko taldeek -PSE-EE, Banatuz, PP, EAE-ANV, LAB eta ELA- aurkako botoa emango dutela iragarri dutenez, Kutxako zuzendaritzaren aukera bakarra da azken talde horietako bat edo beste bozketa egunera ez agertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.