FInantzak

Kutxabankek %10 handitu ditu irabaziak

Inoiz baino mailegu hipotekario eta pertsonal eman ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan.

Iker Aranburu.
2018ko urriaren 31
15:34
Entzun

Bankuen sektorean ere «inguru makroekonomikoan aldeko baldintzak nabari dira», Kutxabanken esanetan. Horien eskutik, BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren bankuak  254,2 milioi euro irabazi ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz epe horretan baino %10,1 gehiago. Euriborra oraindik balio negatiboetan izan arren, bankuak lortu du horiei etekina ateratzea: 416,3 milioi euroko irabazia utzi diote interesek (+%0,1)  eta 290,5 milioikoa komisioek (+%3,5). Mailegu ustelei edo zalantzazkoei aurre egiteko baztertutako dirua, berriz, gutxitu egin du: 145,8 milioi izan dira, %62,2 gutxiago.

Datu ekonomiko horien eskutik, hipoteka mailegu berrien kontratazioan errekorra lortu du Kutxabankek: 14.500etik gora eman ditu urtarriletik irailera arte, iaz baino %21,6 gehiago. Horren eskutik, %37,7ko merkatu kuota du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kreditu pertsonaletan ere krisi aurreko maila gainditu du: 358 milioi eman ditu aurten.

Taldearen berankortasuna ere behera doa: aurten 0,48 puntu jaitsi dira zalantzazko maileguak, eta talde osoaren %4,41 dira.

Kapital aldetik osasuntsu dago Kutxabank: %16tik gorakoa du CET1 kalitate goreneko kapital ratioa, eta horri esker espero du erraz gaindituko duela Europako Banku Zentralak aurki plazaratuko duen estres azterketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.