Finantzak

Kutxabankek 157,6 milioi irabazi ditu aurten, iaz baino %11,7 gehiago

Kreditua asko handitu du: %96 enpresen inbertsioetara bideratutakoa eta %43 etxebizitzak erostekoa

Iker Aranburu.
2015eko urriaren 29a
10:51
Entzun

"Errekuperazio zantzuek aurrera diraute", Kutxabanken arabera, eta horrek ekarri du maileguen eskaera berpiztu izana. Urteko lehen bederatzi hilabeteotan etxebizitza erosteko 1.000 milioi euro mailegatu ditu bankuak, iazko epe horretan baino %43,6 gehiago. Kutxabank marka duten bulegoetan (Euskal Herriko guztiak haien artean), hazkundea %53,5ekoa izan da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxea erosteko ematen diren hiru mailegutik bat Kutxabankena da. Bi dira orain Kutxabankek eskaintzen dituen maileguak, Euribor gehi %1 interes aldakorreko kredituetan, eta gutxienez %2,5eko interes finkoa duena. 

Kontsumoa gora egiten ari denez, kontsumoa finantzatzeko maileguak ere handitzen ari dira. Iaz baino %14,5 gehiago izan dira, nagusiki autoa erosteko edo etxea konpontzeko. 

Familiak ez ezik, enpresak ere ari dira kreditu gehiago eskatzen eta lortzen. Inbertsioak finantzatzeko 90.000 mailegutik gora sinatu ditu Kutxabankek aurten, ia-ia iaz halako bi (+%96). 

Kreditu berriak handitu arren, maileguan utzitako diruak jaisten jarraitzen du (-%2,2), familiak eta enpresak zorrak gainetik kentzen ari baitira.

Berankortasuna, %9,2

Hobetzen ari da maileguen berankortasuna ere. Atzerapenen bat duten kredituak edo zalantzazkoak mailegutako diru guztiaren %9,2 dira. Kopuru handia da oraindik ere, baina 2014 amaieran baino 1,48 puntu portzentual gutxiago dira. Ustel izan daitezkeen mailegu horien ia erdia etxebizitzen eraikuntzari lotutakoak dira.

Agian berreskuratuko ez dituen kreditu horien galera estaltzeko 395,1 milioi euroko hornidurak egin ditu Kutxabankek urtarrilaren 1etik irailaren 30era, %42,1 gehiago.

Salmentak

Interes tasak inoiz baino apalago izan arren (Euriborra %0,13ean itxiko du urria), bezeroei kobratzen dizkien interesak %2,1 handitu dira, 467,8 milioi eurotaraino. Komisioekin ere diru gehiago bildu du —269,6 milioi, +%5—, "produktu ez finantzario berrien merkaturatzeari esker".

Kutxabanken beste diru sarrera nagusi bat salmentak eta horiei lotutako finantza eragiketak izan dira, 234,7 milioi patrikaratu baititu horrela, Euskaltelen akzio  batzuen salmentagatik, akzio horiek burtsan izan duten gorakadarengatik eta Idealista.com atariaren salmentagatik lortutakoak. .

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.