Kutxabankek dagoeneko estali ditu urte osorako kapital betebeharrak

BBK, Kutxa eta Vitalen bankuak 108 milioi euro irabazi ditu urteko lehen erdian, balizko galerak hornitzeko 248 bideratu ondorenEgoera zaila izan arren, aurreikuspenak gainditu dituela nabarmendu du erakundeak

Kutxabank iragartzeko afixa, Bilboko kaleetan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Finantza egoerari buruzko edozein zalantza uxatu du Kutxabankek. Urteko lehen seihilekoan ia 250 milioi euro emaitzetatik atera, eta Espainiako Gobernuak eraikuntzarako kredituak estaltzeko ezarri zituen kapital betebehar zorrotzak estaltzera bideratu ditu. Diru horri esker, 18/2012 dekretuak eskatzen zituen hornidurak prest dituela jakinarazi du.

2012. urteko lehen erdian izan dituen emaitzak jakinarazi zituen atzo Kutxabankek, ohar baten bidez. Sei hilabete horietan bankuak 108 milioi euro garbi irabazi ditu. Aurreko urtean izandako mozkinen erdia da, kapital betebeharrak asetzeko premiak behartuta. BBK, Kutxa eta Vital aurrezki kutxek kudeatzen duten erakundea pozik dago emaitzekin, eta nabarmendu du aurreikuspenak bete dituela, ekonomiaren egoera eta interes tasen eboluzioa kontra izan dituen arren.

Urtea hasi zenetik bi aldiz gogortu dizkie Espainiako Gobernuak kapital baldintzak finantza erakundeei. Otsaileko dekretuan eskatutakoari aurre egiteko behar beste baliabide zituela nabarmendu zuen orduan Kutxabankek, balantzean 3.100 milioi euroko hornidurak zituela argudiatuta. Ondoren, Ekonomia Ministerioak are gehiago estutu zituen bankuak maiatzean, eta ustez arriskutsua ez zen higiezinen kreditua ere estaltzera derrigortu zituen erakundeak. Kutxabankek 616 milioi euro garbi behar zituela kalkulatu zuen. Diru hori emaitzetatik atera da, eta aldez aurretik hiru aurrezki kutxek esku artean zituzten hornidura orokorretatik.

CajaSur, aldeko ekarpena

Finantza erakundeak ez du jakinarazi aurrezki kutxa bakoitzaren ekarpena zein izan den. Hori bai, CajaSurrek azaldu du mozkinak eman dituela lehen aldiz. Hain zuzen ere, 1,6 milioi eurokoa izan da Kordobako kutxa ohiaren ekarpena. Finantza arazo larriak behartuta Espainiako Bankuak CajaSur esku hartu zuen, eta, adjudikazio prozesu baten ondoren, BBKren eskuetan utzi zuen.

Beste esparru batzuetan oraindik ere nabarmenak dira CajaSurren arazoak. Hala, Kutxabanken berankortasun tasa orokorra %8,9 da, finantza sektoreak duen batez bestekotik hurbil. CajaSurrek esku artean dituen maileguak alde batera utzita, EAEko hiru aurrezki kutxen berankortasuna lau puntu txikiagoa izango litzateke (%4,7).

Bankuaren ohiko negozioaren bilakaera islatzen duten ataletan emaitza onak izan ditu Kutxabankek. Interes marjinak —kobratzen eta ordaintzen dituen interesen arteko aldea— ia %10 egin du gora, tasak oso apalak diren arren. Esaterako, %1 ozta-ozta gainditzen du Euriborrak. Bezeroen marjina —komisioak eta aseguruak gehitzen dituena— %9,2 handitu da. Hala ere, marjin gordinak behera egin du, finantza eragiketak gutxitu eta gordailuak bermatzeko funtsari egin beharreko ekarpena igo ondoren. Txikizkako merkatuan emaitzei eutsi die, baina negozio kopuru osoa ia %3 jaitsi da.

BBK, Kutxa eta Vitalek bat egiteko prozesua aurrera doa. Bankuak zehaztu du betetzen ari direla erakundeen sistemak elkartzeko zehaztu ziren epemugak. Prozesuari esker kostuak murrizten ari direla ere azpimarratu du. Esaterako, administrazio gastuak %6,4 jaitsi ziren, ia 400 milioi euro, «kostuei eusteko politika zorrotzaren ondorioz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.