Kutxabankek ez du arazorik finantza erreformaren eskaerak betetzeko

Bankuak 3.100 milioi euro gorde ditu etxegintzako aktibo arriskutsuei aurre egiteko, eta arriskuen %63 estali dituBere buruari legeak onartutakoak baino baldintza gogorragoak jarri dizkiola dio

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Kutxabankek nahikoa diru dauka Espainiako Gobernuak finantza erakundeei ezarritako baldintza zorrotzagoei aurre egiteko. Etxegintzako arriskuen %63 estali dituela dio. Gainera, Kutxabanken arabera, finantza erreforman onartutakoak baino betebehar gogorragoak jarri dizkio bere buruari eta, beraz, Espainiako Gobernuak agindutakoa baino diru gehiago gorde du arazoei aurre egiteko.

Espainiako Gobernuak iragan ostiralean onartu zuen finantza sistemaren erreforma. Erreformak finantza erakundeak diru gehiago gordetzera behartu ditu, bai etxegintzako aktibo arriskutsuengatik, eta baita arriskutsu ez direnengatik ere. Emandako maileguen portzentaje handiagoa eduki beharko dute dirutan gordeta, etorkizunean mailegu horiek ez kobratzeko arriskuari edo aktiboen balioa galtzeari aurre egiteko: lurzoruari lotutako aktibo arriskutsuen %80 estali behar dituzte (lehen %31); hasitako etxe sustapenen %65 (lehen %27) eta amaitutako etxeen eta sustapenen %35 (lehen %25).

Kutxabankek atzo ohar bat bidali zion CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari, bere egoeraren berri emateko. Nabarmendu du 3.100 milioi euro inguru gorde dituela, eta diru horrekin etxegintzako aktibo arriskutsuen %52 estali dituela. Erakundearen funts hornidura orokorra %11koa da eta, beraz, aktiboen babes osoa %63koa da. «Ondorioz», dio Kutxabankek, «ez dugu diru gehiago beharko funts horniduretarako, eta ez dute eragin nabarmenik izango 2012ko emaitzetan». Oinarrizko kapitalaren premia berriak betetzeko, 650 milioi euro inguru behar ditu, baina «lasai» aurre egingo die taldearen baliabideen bitartez.

Berez, Kutxabankek bi urteko epea du eskatutako funts hornidurak egiteko. Espainiako Gobernuak aurtengo urtea amaitu arteko epea ezarri du, baina 2013a amaitu artekoa bat egiteko prozesuak duela bost hilabete hasi zituztenei. Horien barruan daudebai Kutxabank, bai Banca Civica (Nafarroako Kutxa da bazkideetako bat). Kutxabankek atzo esandakoaren arabera, bi urte baino lehen egingo ditu beharrezko funts hornidurak.

Emaitzak ixteko zain

Kutxabankek oraindik itxi gabe zituen iazko emaitzak. Finantza sistemaren erreformaren zain zegoen, zenbateko funts hornidura egin behar duen ikusteko, horrek eragin zuzena baitu irabazietan. Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak urtarrilean ziurtatu zuen irabaziak gutxituta eregizarte ekintza bermatuko dutela. Fernandezek orduan aipatu zuen hainbat enpresatan dituzten akzioak sal ditzaketela dirua lortzeko, Euskaltelen, esaterako. Kutxabankena baita Euskaltelen %68.

Banca Civicak ere esan du baliabide propioekin aurre egingo diela finantza erreformak ezarritako funts hornidura berriei. Finantza erakundearen arabera, 651 milioi euro behar ditu. Lehentasunezko partaidetzak jaulkita lortu nahi du dirua. Guztira 1.150 milioi euro lor ditzakeela esan du Banca Civicak.

Finantza erakunde handiek ere jakinarazi dute zenbateko funts hornidurak egingo dituzten erreformara egokitzeko. Guztira 12.771 milioi euro, guztiak beren baliabide propioekin: Santander bankuak 6.100 milioi euro (aurten 4.300 milioi euro), BBVAk 4.000 milioi euro eta Caixak 3.166 milioi euro. Funts hornidura horiek guztiek eragin nabarmena izan dute iazko emaitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.