Kutxabankeko lehen lan hitzarmenaren negoziazioak ez dira ondo hasi. Finantza erakundeak egindako proposamenarekin erabat haserre daude sindikatuak. Hainbat egoeratan soldatak murriztea nahi du —ez du zehaztu zein baldintzatan— eta lanaldia 40 ordu igotzea.
CCOOren arabera, negoziazioak «blokeatuta» geratuko dira, Kutxabankek egindako proposamenagatik. «Proposamen erasokorra da, Mariano Raxoiren estilokoa erabat», adierazi du Patxi Ruiz CCOOko ordezkariak. Sindikatuak %45eko ordezkaritza du negoziazio mahaian. «Kostuen murrizketa gogorra nahi du, lan baldintzak okertzea eta desarautzea eta hainbat eskubide sozial kentzea». Proposamenari aurre egiteko, sindikatuen arteko elkarlana aldarrikatu du Ruizek.
ELAren arabera, Kutxabankek «modurik gordinenean» aplikatu nahi du Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma. Iaz 250 milioi euroren irabaziak izan zituela gogorarazi du. «Datu hori kontuan izanda, ia txistea dirudi proposamenak». LABek azaldu duenez, finantza erakundeak etekina atera nahi dio egoera ekonomikoari, langileen kontura kostuak murriztu eta errentagarritasun handiagoa lortu ahal izateko.Horrez gain, gaitzetsi egin du Kutxabankek sindikatuekin lortutako akordioak aldatzeko ahalmena ere nahi izatea.
Kutxabankek soldatak jaistea eta lanaldia igotzea proposatu du
CCOOk sindikatuen arteko elkarlana eskatu du «proposamen erasokor» horri aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu