Ideia sinple batekin bermatu nahi du Gipuzkoako Aldundiak Kutxa esku publikoetan egotea. Proposatu du aurrezki kutxak gaur egun Kutxabanken dituen akzio gehienak Gipuzkoako erakunde publikoei ematea, doan. Ondoren, erakundeek lortutako irabazia itzuliko liokete Kutxari, hark gizarte ekintzara bidera dezan. Kutxaren eta Kutxabanken estatutuak eta Espainiako Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioen Legea aztertu ondoren, halakorik egiteko legezko oztoporik ez dagoela ziurtatu du.
Zehazki, Gipuzkoako Aldundiak proposatu du Kutxak Kutxabanken akzioen %4,998ei eustea, %5eko mugatik behera fundazio arrunt bat izan daitekeelako. Gaur egun, Kutxabanken %32 da berea, %57 BBKrena eta %11 Vitalena. Gainontzekoa horrela banatuko luke: %4,998 izango lukete Aldundiak zein Donostiako Udalak (sortzaile dira), eta gainontzeko %17,006, berriz, lurraldeko udalen artean banatuko lukete, proportzionalki. Banaketa hori negoziatzeko prest dago Garitanoren gobernua, funtsa aldatzen ez den bitartean.
Gipuzkoa Donostia Kutxaren sortzaile den heinean harentzat egin du proposamena Martin Garitanoren gobernuak, baina Bizkaiari eta Arabari begira ere egin du, BBK-k eta Vitalek berdin egiteak baizik ez lukeelako ziurtatuko Kutxabanken jabetza publikoa.
Kutxan aldaketa egiteak praktikan eragin gutxi izango lukeelako, beste lurraldeetako arduradun politikoei berdin egiteko eskatu die Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, proposamena aurkezteko egindako ekitaldi instituzional batean. “Borondate politikoa badago egin daiteke”. Eskaintzari garrantzi handia eman nahi izan dio EH Bilduren gobernuak. Leku berezia aukeratu du —Donostiako Miramar jauregia—, eta hainbat gonbidatu izan ditu inguruan, udal askotako ordezkariak, sindikatuak eta beste gizarte eragile batzuk tartean.
Txosten juridikoa
Gipuzkoako Aldundiaren proposamena txosten juridiko batean oinarritzen da. Uztailean eskatu zuen, BBK-k eta Vitalek aurrezki kutxa izateari utzi eta banku fundazio bilakatu zirenean. Txosten horrek horrek dio ezer ez diola eragozten Kutxari bere akzioak beste norbaiten esku uztea edo saltzea. Doako eskaintzarena hobetsi dute, kostu kontuengatik ez ezik, beste arrazoi batzuengatik ere.
Txostenaren egileetako batek, Xabier Barinagaerrementeria abokatuak, azaldu duenez, bigarren baldintza bat ere bete behar da Kutxabanken jabetza publikoari eusteko: ez dadila banku fundazio izan, fundazio arrunt bat baizik. Azken horiei baldintza txikiagoak ezartzen dizkie legeak, eta badute banku baten jabe izaterik, betiere akzio portzentai txikia baldin bada (%5etik behera).
Espainiako Aurrezki Kutxa eta Banku Fundazioen Legeari iskin egitea da Gipuzkoako Aldundiaren proposamenaren helburua. Europako Batasunak Espainiari bere bankuak salbatzeko emandako erreskatearen baldintzen artean (memorandum of understanding) zegoen lege bat egitea, aurrezki kutxek beren menpeko bankuen kontrola galtzeko. Bruselaren begietan kutxen gaineko kontrol publikoa izan zen haietako askok (Bankia, CAM, CCLM...) egindako zuloen arrazoia. Espainiako Kongresuak 2013ko abenduaren amaieran onartutako lege horrek ez ditu berez aurrezki kutxak debekatzen, baina muga handiak jartzen dizkie: 10.000 milioi euroko aktiboak izatea (61.500 milioi ditu Kutxabankek). eta haien jarduera erkidego pare batera mugatzea (hamalautan dago Kutxabank, bitan CajaSur izenarekin).
Kutxabanken moduan finantza negozioa banku baten bidez egiten duten kutxak onartzen ditu legeak, baina baldintza gogor batzuekin, helburu garbi batekin: gero eta parte hartze txikiagoa izatea. Lehenik, kutxa izateari utzi eta banku fundazio bilakatzera behartzen ditu (teorian, kontrol politikoa gutxitzeko). Bigarrenik, fundazio horrek bankuaren gero eta jabetza handiagoa izan, orduan eta betebehar handiagoak jarri dizkie. Jabetzaren %30 baino gehiago kontrolatzeko finantza plan bat aurkeztu behar diote Espainiako Bankuari (balizko galerak estaltzeko dirua nondik aterako litzatekeen argitzeko). Jabetzaren %59 baino gehiagori eusteko, berriz, erreserba funts bat sortu eta hornitu beharko dute, izan ditzakeen galerak estaltzeko.
Baldintza horiek betetzeak Kutxabanken irabazi guztiak irentsiko dituela dio Mario Fernandezek, eta ezingo lukela gizarte ekintzarik banatu. Horregatik, urte gutxiren buruan uste du Kutxabanken %30 izango dela fundazioena, eta beste %70 beste inbertitzaile batzuentzat. Saldutako akzioekin lortutako dirua inbertitzea eta haren etekina gizarte ekintza hornitzeko baliatzea da Fernandezek defendatzen duen formula.