FINANTZAK

Kutxabanken inguruko akordioa itxi dute EAJk eta PSEk

BBK-k, Kutxak eta Vitalek bankuaren "ahalik eta akzio gehienei" eusteko helburua jarri dute. Kutxabanken balizko akziodun berrien sarrera bien artean hitzartzea erabaki dute. 

Giza katea egin zuten atzo Bilbon EAJren egoitzaren aurrean, Kutxabank-en pribatizazioaren kontra. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2014ko ekainaren 12a
07:33
Entzun

Kutxabank kapital pribatura zabaldu behar bada modu adostuan egitea hitzartu dute EAJk eta PSEk. “Banku fundazioek Kutxabanken duten parte hartzeari eragin diezaioketen inbertsioak edo desinbertsioak modu adostuan konpontzeko konpromisoa” lortu dute jeltzaleek eta sozialistek. Funtsean, aurrerantzean Kutxabanki dagokion gaietan eskuz esku joatea hitzartu dute EAJk eta PSEk. Oraingoz, hitzarmen horretan ez da PP azaltzen, baina bi alderdietako arduradunek harekin ere ados jartzeko borondatea adierazi dute; EH Bildurekin, berriz, ez.

Gaur jakinarazitako itunak atea irekitzen dio aurrezki kutxen desagertzeari eta banku fundazioen sorrerari. BBK-ko administrazio kontseilua gaur goizean bildu da, eta erabaki du hilaren 30erako antolatzea aurrezki kutxaren aroari amaiera emango dion batzarra. Vital Kutxakoa arratsaldean bilduko da, eta ustekaberik ez badago, berdin egitea erabakiko du. Prozesua askoz motelago joango da Gipuzkoa Donostia Kutxan, han indar oreka oso parekatua delako fundazioa sortzea derrigorrezkoa ikusten dutenen (EAJ, PSE eta PPko kontseilariak) eta beste bide batzuk bilatzeko aukera dagoela uste dutenen artean (EH Bildukoak nagusiki).

Aurrezki kutxen desagerpena eta banku fundazioen sorrera iazko abenduan onartutako legearen ondorio bat da. Troikaren presioarekin egindako lege horrek urtebete eman zien banku baten jabe diren aurrezki kutxei, izaera aldatu eta fundazio bilakatzeko. Aurrezki kutxa izaten jarraitu nahi dutenek neurri txikia izan behar dute (10.000 milioi euroko aktiboetatik behera), eta esparru geografiko mugatu batean aritu.

Gauzak horrela —eta kritiko batzuek diotenaren aurka—, EAJk eta PSEk ziurtatu dute derrigorrezkoa dela 26/2013 legea bete eta banku fundazioak sortzea. Prozesu horri batera helduko diote, lau helbururekin:

1.“Euskal kutxen bat egitetik sortutako finantza erakundea (Kutxabank) mantentzea eta indartzea, eta Euskal Herrian errotuta eta lotuta jarraitzen duela bermatzea”.
2.“Euskal Herriaren beharrizan finantzarioei lehentasunez erantzutea, publikoei zein pribatuei, erantzukizunez eta profesionaltasunez”.
3.“Gizarte Ekintza bermatzea, banku fundazio bilakatzekotan diren kutxen izateko arrazoi bat direlako”.
4.“Tokian tokiko errealitatea eta euskal aniztasuna gobernu organoetan islatzea”.

EAJk eta PSEk ziurtatu dute helburu horiek betetzeko modurik onena dela Kutxabanken gaur egungo akziodunek etorkizuneko bankuan ahalik eta partaidetza handienari eustea —BBK-k %57 du; Kutxak, %33, eta Vitalek, %11—. Arazoa da lege berriak traba batzuk jartzen dizkiela banku fundazioek gidatutako finantza erakundeei: zenbat eta bankuaren kontrol handiagoa izan, orduan eta betebehar handiagoak jarriko zaizkie. Jabetzaren %30 baino gehiago kontrolatzeko, finantza plana aurkeztu beharko dute. Akzioen gehiengoa (%50 gehi bat) izaten jarraitzeko, berriz, finantza planetik aparte erreserba funts bat sortzera eta hornitzera behartzen du legeak. Funts horiek zenbatekoak izango diren ez da jakina, baina Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak uste du urte askoan gizarte ekintzara bideratu beharreko diru guztia xurgatu ahal izango dutela. Horregatik, hiru kutxek azkenean jabetzaren %30ari eutsiko dioten etorkizuna marraztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.