BBK, Kutxa eta Vital aurrezki kutxek Kutxabanken kontrol osoari eutsi ahalko diote aurrerantzean ere. Aurrezki kutxak eta banku fundazioak arautuko dituen legearen proiektua onartu du gaur Espainiako Gobernuak. Horren arabera, banku baten jabetzan %10 edo gehiago duten aurrezki kutxak banku fundazio bihurtzera derrigortuta egongo dira. Hori da BBK, Kutxa eta Vitalen egoera.
Fundazio horien izaera negoziatzen aritu da Mariano Rajoyren gobernua Europako Batzordearekin. Bruselak ez zuen argi ikusten kutxa izandakoek bankuen kontrolari eustea. Azkenean, ordea, ez da epemugarik izango, eta BBK, Kutxa eta Vital Kutxabanken jabe izan ahalko dira, eta ez dute euren parte hartzea murriztu beharko. Hori bai, inoiz erakundearen finantza egoera sendotzeko kapital handitzea martxan jarriko balitz, ezingo lukete parte hartu. Hots, gaur egun duten jabetza osoa galduko lukete, eta beste bazkide edo akziodun batzuk sartuko lirateke.
Jabetza izatearen truke, orain arte baino baldintza zorrotzagoak bete beharko dituzte kutxek. Kutxak jabetzaren %30 baino gehiago duenez, finantza plan bat eta kudeaketa protokolo bat onartu beharko ditu. BBK-k, berriz, akzioen %50 baino gehiago duenez, inbertsioak dibertsifikatzeko plana aurkeztu beharko du, eta erreserba funts bat eratu beharko du balizko galerak estaltzeko. Aurrezki Kutxek urte bat izango dute antolakuntza aldatu eta fundazio bihurtzeko.
Lege berriak, bestalde, zehaztuko du banku fundazioetako buruzagiak ezin direla egon parte hartutako bankuaren zuzendaritzan. Hala, Mario Fernandezek Kutxabankeko presidente izaten jarraitu nahi badu, BBKren buruzagi izateari utzi beharko dio, eta gauza bera Kutxako eta Vitaleko lehendakarien kasuan.