Krisiak, ordea, izan du eraginik Kutxaren kontuetan, gero eta bezero gehiago ez direlako gai hartutako maileguak itzultzeko. Berankortasun tasa %2,73ra igo zaio Kutxari. Hala ere, erakundeak nabarmendu du indize hori bere lehiakide gehienena baino dezente apalagoa dela. Zalantzazko aktibo horien estaldura %95,5ekoa zen ekainean, sistema osoko handienetakoa, eta aurrezki kutxen batez bestekoaren ia halako bi.
Krisiak eragina izan du emandako maileguen kopuruan. Oro har, %3,7 handitu da Kutxak utzitako dirua iazko ekainetik hona, 16.176 milioi euroraino. Baina sektore batetik bestera alde esanguratsuak daude: etxebizitza erosteko hipoteka-maileguak %0,2 uzkurtu dira, eta produkzio jarduerei emandakoak, berriz, %7,24 handitu. Kutxak mailegu lerroak zabaldu ditu industriari laguntzeko.
Irabazietan zeresana izan du marjinak batez beste %6 handitu direla. Marjina gordina, banku negozioaren ohiko eragiketa guztiak kontuan hartzen dituena, 365,5 milioi eurokoa izan da, duela urtebete baino %48 handiagoa.
Kaudimen aldetik sendo dagoela nabarmendu du Kutxak: Espainiako Bankuak gutxienez %8koa eskatzen du eta %14,58koa zuen abenduko azken datuaren arabera. Likidezian ere ez dago gaizki Kutxa, ekainaren 30ean 2.536 milioi euro baitzituen kutxetan. Bere bezeroen gordailuekin maileguen %96 estaltzen ditu, Espainiako Aurrezki Kutxa Konfederazioko kide direnen artean bigarren ratiorik onena. Gordailu handiagoak lortzeko egindako azken eskaintzek -7x3 eta 8x4 finantza produktuak- arrakasta handia lortu dutela eta gehiago egin beharko dituela aurreratu du Kutxak.
Lehen sei hilekoan 31,93 milioi euro bideratu ditu Kutxak gizarte ekintzara. Urtarrilean inauguratu zuen Onkologiko berria, minbizia duten gaixoak tratatzeko zentroa.
BofA eta Citi, argilunekin
AEBetan ere kontuak azaltzeko ordua heldu zaie hango banku nagusiei. Goldman Sachsek eta JP Morganek aurreko egunotan bezalaxe, Bank of Americak (BofA) eta Citigroupek mozkin mardulak iragarri zituzten atzo: lehenak 3.200 milioi dolar (2.300 milioi euro) irabazi ditu urteko bigarren hiruhilekoan, eta 4.300 milioi dolar Citigroupek. Hala ere, mozkinak ezohiko sarrerei zor dizkiete, negozio arruntan dirua galdu baitute batek zein besteak. BofAk, esaterako, 5.300 milioi dolar patrikaratu ditu China Construction Banken akzioak salduta. Inbertsio adarrari esker -Merrill Lynch erostera behartu zuen AEBetako Gobernuak- dirua irabazi du, baina banka komertzialean galdu, herritar askok zorrak pagatzerik ez dutelako. Antzeko egoeran dago Citigroup ere: ohiko negozioan galerak izan ditu, baina artekaritza adarraren zati bat Morgan Stanleyri salduta 6.700 milioi dolar jaso ditu.