Biek ala biek azaldu dute zerbitzua osatzea dutela helburu. «50 urterako mailegua beste aukera bat da, baina horrek ez du esan nahi garrantzitsuena denik», zehaztu du Euskadiko Kutxak. Bezero bakoitzaren egoera aztertzea funtsezkoa dela nabarmendu dute, «guztientzat hori ez delako aukera onena».Ez dute aurreikusi zerbitzu horrek zer-nolako harrera izango duen, baina aitortu dute sektoreko lehia areagotzen ari dela. Gipuzkoa Donostia Kutxa, berriz, aste honetan bertan hasi da 50 urterako maileguak eskaintzen. «Jendearen galderek» eragin dute Kutxak ere produktu hori ematea. Bezeroek 50 urterako hipotekak «ondo» hartu dituztela jakinarazi du BBK-k. Jende asko erakarri duela azaldu du, eta galdera mordoa egin dietela. Datozen egunotan «nahikoa» mailegu izenpetuko direla aurreikusi dute. 50 urterako maileguak erakargarriak dira hilero ordaindu beharreko kuotak apalagoak direlako. Esaterako, 130.000 euroko mailegua 30 urteren buruan itzuliz gero, hileroko kuotak 565,77 eurokoak izango dira, interes nominala %3,25ekoa bada. Baldintza berberetan, kuotak %22,5 apalagoak izango dira mende erdiko hipoteka izanez gero. 438,65 eurokoak, zehazki.20 urte gehiago emango ditu, ordea, zordunak kuotak ordaintzen zorra guztiz kitatu arte, eta horrek, nola ez, ordaindu beharreko interesen kopurua handituko du. Adibidez, interes tasak %3,5ekoak direla, 40 urteko hipotekarekin 185.947,66 euro ordainduko dira interesetan 100.000 euroko maileguaren truke. Epea 50 urtera arte luzatuz gero, ia 26.000 euro gehiago eman beharko dira interesetan. Hori dela eta, ezinbestekoa da bakoitzak bere egoerara hobekien egokituko den hipoteka hartzea.
Aukera bakarra
Zentzu horretan, mende erdirako mailegua «ezin hobea» dela ukatu du Aitor Beldarrain Ausbanc-en Hego Euskal Herriko arduradunak. 20 edo 30 urterako maileguak baino interes gehiago eragingo dituela berretsi du, baina era berean, zenbait pertsonentzat etxebizitza erosteko aukera bakarra horrelako maileguak direla nabarmendu du. «Finantza bazterketa saihesten dute».
Edonola ere, produktu berriak «segurtasuna» ematen duela aitortu du. Era berean, bezeroei oroitu die, agian, etorkizunean baliabide gehiago izango dituztela. «Saia daitezela zorra aurretik kitatzeagatik ordaindu behar diren komisioak negoziatzen».Eskaintza gero eta zabalagoa delako pozik dago Beldarrain. «Lehia handia da, eta aukera gehiago ekarriko ditu. Azter dezala ondo bezeroak». Merkatuak «eraginkorra ez dena zigortu dezan» nahi du: «Has dadila guda». Komisioen inguruan ere hausnarketa bera egin du, baina azaldu du badaudela komisioak ordaintzea axola ez zaien pertsonak, «baldin eta kalitatezko zerbitzua jasotzen badute».
Maileguak, gorantz
Interneteko bankuak ere apurka indarra hartzen ari dira hipoteketan. Espainiako Bankuen Elkarteak jakinarazi duenez, iazko urtarrila eta azaroa bitartean bikoiztu egin zuten Hego Euskal Herrian eta Espainian emandako hipoteken kopurua (4.113 milioi euro).
Gauzak horrela, aste honetan bertan Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak aitortu du kezkatuta dagoela hipoteken hazkunde indartsuarekin, eta «higiezinen merkatua gertutik jarraituko» duela ohartarazi du. Are gehiago orain, euriborra azken hiru urteotako handiena dela (%2,833).
MOTELALDIRIK GABE
Euskal Herriko kutxen hipotekak gero eta gehiago
Urtetik urtera gero eta gehiago dira etxebizitza erosteko hipoteka eskatzen duten euskal herritarrak. Iazko urtarriletik azarora bitartean 48.649 lagunek hartu zuten Hegoaldean, eta batez beste, 146.872 euro eskatu zituzten. Azaroan, ordea, biziki handitu zen euro kopurua eta 213.807 euroraino igo zen batez bestekoa. Euskal Herriko kutxek ere mailegu gehiago ematen dituzte urtetik urtera. Aurreko urtearekin alderatuta, Euskadiko Kutxaren maileguak %22,6 handitu ziren iaz, %22 BBK-renak, %19,6 Kutxarenak eta %18 Vital Kutxarenak.