Kutxak industriatik ateratzea nahi du Basileak

FSB gainbegiratzaileen erakundeak kutxen parte-hartzeak kontrolatzeko eskatu dio Espainiari

Iker Aranburu.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Aurrezki kutxen parte-hartze industrialak merke erosi nahi dituztenei laguntzatxo bat eman die FSB Finantza Egonkortasunerako Kontseiluak. Finantza merkatuen arautzaileak eta gainbegiratzaileak biltzen dituen erakunde horrek auzitan jarri du kutxek enpresetako akzioak izateko gaitasuna. Lehen urrats gisa, zorrotzago kontrolatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Bigarren urratsa akzio horien salmenta izango litzateke; beste herrialde batzuetan hala gertatu dela esan du FSBk.

Banca Civicak industrian dituen parte-hartzeak oraingoz ez dituela salduko esan zuen atzo Enrique Goñik, taldeko presidenteak. Baina zaila izango zaio akzio guztiei eustea, Basilea IIIko araudia indarrean jartzen denean akzio horietan galerak izanez gero babestu beharko duelako. Taldea, gainera, oso parte-hartzaile aktiboa izan da. CAN, esaterako, dozena bat enpresatako akziodun da, besteak beste, Acciona Solar, Ikusi, Tubacex, Ibermatica eta Baron de Leyn. Haren bazkideek ere parte-hartze handiak dituzte. Cajasolek Guascorren ia %14 du eta %5 Unipapelen eta Cie Automotive euskal enpresetan; Caja Burgos Campofrioko akziodun da.

Beste euskal kutxek ere industrian esku hartu dute, BBK-k bereziki. Hori Iberdrolan, Euskaltelen, Petronorren, Enagasen, Itineren eta beste hainbatetan dago. Euskalteleko akziodun dira Vital Kutxa eta Kutxa ere, eta azken hori CAF, Ibermatica eta NH Hotelesen zati baten jabe ere bada.

Burtsak izan duen beherakadaren ondorioz, akzio horiek orain saltzeak galerak edo irabazi apalak ekarriko lizkieke kutxei. Hori gertatu zaio, esaterako, NovaCaixaGaliciari. Atzo jakinarazi zuen Brisa Portugalgo autobideen kudeatzailearen %2,2 saldu zuela 68,5 milioi euroan. Irabaziak izan dituela esan du Galiziako kutxak, baina ez du esan zenbat. Duela egun gutxi EDP Portugalgo argindar konpainiatik irten zen, eta ez da azken operazioa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.