Kutxak Zeharo funtsa sortu du, krisiak eragindakoei laguntzeko

Urtarriletik irailera, BBK-k 15,6 milioi euro bideratu ditu helburu solidarioak dituzten ekimenak finantzatzera

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak eragindakoeilaguntzeko helburuarekin, Kutxaren Gizarte ekintzak Zeharo funtsa jarriko du abian, datorren astelehenean. Egitasmoak hiru milioi euroko aurrekontua izango du, urtea amaitu arte.

Krisia tarteko, muturreko zailtasun ekonomikoak igarotzen ari diren Gipuzkoako pertsonek eta familiek eskatu ahal izango dituzte laguntza mailegu horiek, eguneroko beharrizanak asetzeko.

Eskatzaile bakoitzak, gehienera ere, 3.000 euroko laguntza jasoko du Ohoreari mailegu deiturikoen bitartez. Horretarako, Gizarte Ekintzak ezarritako hainbat baldintza bete beharko dituzte, besteak beste, egiturazkoa ez den beharrizan egoera batean aurkitzea. Onuradunek, behin euren egoera normaltzen ari dela ikusten dutenean, mailegua itzuli egin beharko dute.

Eskariak ebaluatzeko batzorde bat egongo da Kutxako eta Zeharo funtseko ordezkariek eta beren jakinduriagatik ekarpena egin dezaketen beste gizarte erakunde batzuetako kideek osatua. Laguntza ekonomikoaz gain, Zeharoren enplegua bilatzeko zerbitzuak ere erabili ahal izango dituzte eskatzaileek.

Informazioa eskuratu nahi duenak 900-81 83 42 doako telefono zenbakira dei dezake, edota Kutxa-Zeharo laneratze zerbitzuak Donostian, Irunen, Arrasaten, Eibarren eta Zumarragan dituen bulegoetako batera joan.

Iaz baino %70 gehiago

BBK-k helburu solidarioekin egindako finantziaketa %70 handitu da urtarriletik irailera, iaz garai bereko datuekin alderatuta. Orotara, 15,6 milioi euro eman ditu bederatzi hilabeteotan, iaz urte osoan baino gehiago. BBKra harpidetutako gordailu solidarioak, berriz, 12 milioi euro handitu dira.

BBK Solidarioa inoiz baino diru gehiago bideratzen ari da era guztietako ekimen ekonomikoak martxan jartzera. Gizarteratzea helburu duten enpresetara, esaterako, 9,7 milioi euro bideratu ditu, iaz baino %150 gehiago. Beste 5,6 milioi euro azpiegiturak hobetzeko beharra zuten gizarte erakundeentzat izan dira, iaz baino %14,3 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.