Kutxaren irabaziak heren bat jaitsi dira, 140 milioi euroraino

Finantza krisiak eta etxebizitza merkatuarenak erreserbak handitzera behartu du Gipuzkoa Donostia Kutxa

Iker Aranburu.
2009ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Mediterraneo aldeko etxegintza proiektuetan egindako hutsekondorioa izan dute Gipuzkoa Donostia Kutxaren emaitzetan. Kutxak 140,9 milioi euro irabazi zituen iaz, 2007an baino %34,5 gutxiago. Hala ere, Kutxaren negozio arruntak bilakaera ona izan du, eta horri lotutako mozkinak %3 handitu dira. Maileguen berankortasuna %1,87ra iritsi da, batez bestekoaren erdira.

Hedabideetara igorritako agirian, Kutxak onartu du krisi ekonomikoak eta finantzen eta higiezin merkatuen hondoratzeak kalte nabarmena egin dietela bere emaitzei. «Kutxak zuzkidura ahalegin handia egin du, bai bere higiezinen alorreko inbertsioei bai errenta aldakorreko inbertsioei dagokienez, higiezinen merkatuan eta finantzarioan gertatu den hondoratzeari erantzutearren». Haren hitzetan, diru erreserbak -zuzkidurak- handitu behar izan ditu, etxebizitza sektorean egindako inbertsio batzuk osorik berreskuratzeko ziurtasunik ez duelako eta aurten krisiagatik jasotzeke geratuko zaizkion kredituak berdintzeko.

Horiek hala, Kutxak nabarmendu du negozio arruntak-funtsean, aurrezkien kudeaketa eta maileguak ematea- gora egin duela, eta horretan jarriko duela indarra hurrengo urteotan, irabaziak hortik etorriko zaizkiolako. 2009-2011 eperako landu duen BAI plan estrategikoak aurreikusten du aurten 150 milioi euro irabaztea, 160 milioi 2010ean eta 170 milioi 2011n.

Maileguek gora egin dute

Uste ohi denaz bestera, Kutxak ziurtatu du ez duela maileguen iturria itxi. Iaz 1.334 milioi gehiago utzi zizkien herritarrei eta enpresei, aurreko urtean baino %9 gehiago. Gutxiago gehitu dira etxebizitza erosteko kredituak (%4,4), nahiz eta guztira Kutxak emanda dituen maileguen %57 diren. «Datu positibo horrek erakusten du Kutxak bere bezeroen kreditu eskaerei erantzuteko ahalmena duela», ziurtatu du finantza erakundeak. Gogorarazi du likidezia arazorik ez duela, kutxetan 1.180 milioi baitzituen urtea amaitzean, «sistemaren baitako likidezia handienetakoa».

Berankortasunak gora egin zuen Kutxan ere, eta maileguen %1,87 ez berreskuratzeko arriskua du. Edonola ere, Kutxak nabarmendu du %4koa duela aurrezki kutxen sektoreak. Batez beste horretatik oso azpiko datuak eman dituzte Euskadiko Kutxak (%2,21) eta Vital Kutxak (%1,81), baina batak zein besteak ohartu dute %6 edo %8ra heltzeko arriskua dagoela. Arrisku horren %125 estali du Kutxak, sektoreko %73ko batez bestekotik oso gora.

Hedapena geratu da

Krisia dela eta, Kutxaren estrategia zuhurrago jokatzea da, eta ildo horretan erabaki du hedapena amaitutzat jotzea. Aurten hamasei sukurtsal ireki ditu, horietako lau Nafarroan -Altsasun, Azkoienen, Tafallan eta Tuteran- eta hiru Donostian. Guztira 341 ditu, horietatik 133 Gipuzkoan, hamar Nafarroan eta bi Lapurdin. Aurten Euskal Herritik kanpoko bulego batzuk ixteko aukera ez du baztertu Kutxak, errentagarriak ez badira.

Kutxak 2.282 langile zituen abenduaren 31n (51 gehiago) eta kutxa automatikoak ere ugaritu ditu: 740 ditu, %4,6 gehiago. %17,3 egin du gora Internet bidez egindako operazioen kopurua, eta dagoeneko eragiketa guztien %55 dira.

Gizarte ekintzari dagokionez, Kutxak ziurtatu du 1,2 milioi lagunek baliatu dituztela iaz antolatutako 3.397 jarduera eta zerbitzuak. Iaz 83,4 milioi euroren baliabideak kudeatu zituen Gizarte Ekintza sailak. Arlo horretan berrikuntzarik nabarmenena Onkologiko amaitu berria da, minbizia dutenak tratatzeko zentro berria. 60 milioi inbertitu ditu Kutxak Onkologikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.