Ostiralean egingo dituzten batzarretan erabakiko dute, azkenean, BBK-ren eta Kutxaren arteko bat-egitea. ELAk, dagoeneko, ezezkoa emango diola iragarri du, Bilbon izango dituzten bi ordezkariekin eta Donostian izango duten bakarrekin. Igor Eizagirre sindikatuko zerbitzu federazioko kideak azaldu zuenez, kutxetako zuzendaritzak «boto eske» besterik ez du jo ELAra, eta CCOOrekin hitzartutakoari, berriz, «boterea banatzeko» prozesua deritzo, «langileen baldintzen lepotik»aurrera eraman nahi dutena.
BBK eta Kutxako langile batzordeetako ELAko ordezkariak bildu ziren atzo, Bilbon, Eizagirrerekin batera, etziko bozketan haien sindikatuak izango duen jarreraren berri emateko. Vital Kutxako ordezkari batek ere hartu zuen parte atzo: batetik, ELAk Arabako kutxa baztertu izana gaitzesten duelako, eta, bestetik, bat-egitearekin aurrera jarraituz gero Vitaleko lan hitzarmeneko baldintzak langile guztiei zabaltzea babestuko dutelako, hiruren artean onena delako: «Homologazioa nahi dugu, baina hiru kutxetako langileena».
Pixkanarekin eta CCOOrekin egindako akordioak langileen artean «baldintza eskala bikoitza sortuko» duela esan zuen Eizagirrek eta, etorkizunean, Vital Kutxak proiektuarekin bat egiten badu «eskala hirukoitza» emango litzakeela ohartarazi zuen.
Euskal esparruaren alde
Sindikatuekin izandako negoziazioen harira, «estatuko esparruaren alde» egin izana leporatu zien Eizagirrek BBK eta Kutxako zuzendaritzari; baina, era berean, enpresaburuen ikuspegitik «ulergarria» iritzi zion egindakoari, CCOOrekin negoziatzea euskal esparruan egitea baino «askoz ere merkeagoa» atera zaielako. Horren harira, euskal esparruan negoziatuz gero ELA nagusi izango litzakeela gogorarazi zuen. Espainiako esparruko negoziazioa, aldiz, «oso eroso bizi den sindikalismoarekin» egin dute.
Kutxetako gobernu organoetan ordezkaritza politikoaren gehiengoa dutenen (EAJ) «joko bikoitza» salatu zuen ELAko ordezkariak, «botere politikoa banatzeko bi barruti ahalbidetzeko gauza» direlako eta ez, ordea, lan baldintzak negoziatzeko.
Azkenik, bat-egitearen norabidearen aurka hitz egin zuen Eizagirrek, eduki sozialetan sakondu beharrean kutxek «ildo neoliberala» besarkatu dutelako.
Ezkutuko botoa
PSE-EEk eskatu bezala, ostiraleko asanbladan ezkutuko botoa erabiliko dute Kutxako ordezkariek. Xabier Iturbe Kutxako lehendakariak, agentziek jakinarazi zutenez, batzorde juridiko baten esku utzi zuen sozialisten eskaera, eta auzia aztertu ondoren, isilpeko bozketa egitea erabaki dute. Alderdi popularrak, berriz, «lotsagabekeria» deritzo horrela bozkatzeari.
############
Kutxen bat-egiteari ezetz esango dio ELAk, langileen «lepotik» egin nahi delako
CCOOrekin egindako akordioa euskal sindikatuekin baino «askoz merkeago» atera zaiela gaitzetsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu