Kutxen bat-egiteari orain heltzeko aukera oro baztertu du BBK-k

Vital Kutxako presidenteak proposatu duen bateratze birtuala nahiz beste edozein eredu errefusatu ditu Bizkaiko aurrezki kutxak. PSEren babesa zuen Rojoren ekimenak, baina EAJk eta PPk mesfidantzaz jaso dute

Ivan Santamaria.
2010eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ez hotz, eta ez bero. Azken asteotan kutxen sektorea hankaz gora jarri duen bateratze prozesuak ez du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki erakundeen arteko bat-egitea hurbilduko. Vitalekin eta Kutxarekin uneotan elkartzeko aukera oro errefusatu du BBK-ko presidente Mario Fernandezek, erakundeko langileei igorri dien idazkian.

Kutxen arteko bateratzea berriro ere plazara atera da asteburuon. Gregorio Rojo Vital Kutxako presidenteak bat-egite birtual batekin hastea proposatu du, hedabide batean argitaratutako iritzi artikulu baten bidez. Alegia, hiru erakundeen baliabideekin holding bat sortzea, bakoitzak bere izaerari, markari, gobernu organoei eta nortasunari eutsita. Formula horri esker kaudimenean, arriskuetan eta likidezian indartuko litzateke kutxen egoera, Rojoren aburuz.

Bat-egite hotza edo birtuala esaten zaion tresna hori ari dira erabiltzen dagoeneko beste hainbat kutxa, besteak beste, Bankuen Moldaketa Ordenaturako Funtsak (FROB) ematen dituen laguntza publikoak baliatu ahal izateko. Esaterako, Nafarroako Kutxa Banca Civica izena duen proiektuan sartu da, Cajacanariasekin eta Caja Burgosekin batera.

Bateratze birtuala ez ezik, kutxak elkartzeko edozein eredu baztertu du BBK-k. Fernandezek uste du ez direla aldatu Kutxarekin bat-egiteko prozesuak porrot egin ondoren sortu diren baldintzak. Krisi ekonomiko eta finantzarioari aurre egitea egungo lehentasuna dela adierazi izan du azken hilabeteotan BBK-ko presidenteak, eta kutxen arteko elkarlana gerorako utzi du. Joan den astean, Xabier Iturbe Kutxako presidenteak antzeko argudioekin adierazi zuen beste iritzi artikulu batean ez dela une egokia prozesua abiatzeko.

Aldebakarreko erabakiak

Vitalekin eta Kutxarekin aurrera egiteko baldintzarik ikusi ez duen bitartean, BBK ez da geldirik egon sektorearen moldaketan. Caja Castilla La Mancha irensteko enkantean parte hartu zuen, baina, azkenean, Cajasturren Banco Libertak erosi zuen CCM. Halaber, Alacanteko CAMekin bat-egite birtuala egiteko elkarrizketak izan zituen, baina ekimena bertan behera geratu zen.

Hain zuzen ere, proiektu horiek bilatu izana aurpegiratu zion Vitaleko buruzagiak BBKri, bere artikuluan. «Besoak gurutzatuta gelditzea bezain txarra da kutxen artean desoreka gaindiezinak sor dezaketen aldebakarreko abenturetan aritzea».

Rojoren proposamenak erreakzio ugari piztu ditu politikaren esparruan. PSEko ordezkari Jose Antonio Pastorrekziurtatu zuen bide «interesgarria» dela. Aldiz, EAJko BBBko presidente Andoni Ortuzarrek nabarmendu du ez dela aukerarik onena. PPk zilegitasuna ukatu dio Rojori.

Prozesua pil-pilean

Banca Civica. Nafarroako Kutxak Cajacanarias eta Caja Burgosekin batera eratuko duen taldea lehenetarikoa izan zen. Ez du Bankuen Moldaketa Ordenaturako Funtsaren (FROB) laguntzarik beharko.

La Caixa. Aurrezki kutxarik handienak Caixa Girona irensteko prozesuari ekin dio.

Caja Madrid. La Caixak mugitu bezain pronto, bigarren erakunde handienak aurreratu zuen bost bazkide txikiagorekin elkartzea aztertzen ari dela: Caja Insular de Canarias, Laietana, La Rioja, Avila eta Segovia. Bateratze birtuala izango da.

Hirugarren taldea. Hirugarren talderik handiena Cajasturrek lideratuko luke, Caja Castilla La Mancha, CAM, Cantabria eta Extremadurarekin batera. Laguntza publikotik 1.600 milioi beharko dituzte.

Katalunian, beste bi. Caixa Catalunyak bat egingo du Tarragona eta Manresakoarekin. Bestalde, Caixa Sabadell, Terrassa eta Manlleu aliatuko dira.

Galizia. Caixa Galicia eta Caixa Nova bateratzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.