Kutxen bateratzeak mokoka jarri ditu alderdiak

BBK, Kutxa eta Vital hirutarako proiektu batean bateratzea defendatzeko eskatu dio EAJk Salgadori

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxak bateratzeko ekimenak polemika iturri bihurtu dira berriro. BBK eta Vital fusio birtual edo hotz batekin elkartzeko ekimenak desadostasunak sortu ditu alderdien artean. Hasiera batean, EAJ, PSE-EE eta PPren babes zuhurra zuen operazioak, baina azkenean jeltzaleek nahiago izan dute aukera baztertu, eta horren ordez hiru kutxak integratzea defendatu dute, ohiko bateratze baten bidez.

Azken asteotan kutxen sektorean mugimendu asko egon dira. Bihar bertan, Espainiako Gobernuak dekretu bat onartuko du, eta horretan kapital betebeharrak handituko dizkie finantza erakundeei, besteak beste. Kapital aski ez dituzten kutxak diruz lagunduko ditu gobernuak, baina horretarako banku bihurtu beharko dute.

Egoera nahasi hori argudiatu dute jeltzaleek proiektua beste norabide batera jartzea eskatzeko. Izan ere, fusio hotz bat honezkero zaharkituta dagoela uste dute. Iñigo Urkullu EAJko presidentearen aburuz, BBKren eta Vitalen arteko bateratzea «behin-behinekoa» izango litzateke, eta iraungitze data izango luke. Era berean, aurrezki kutxek euren nortasunari eustea eta banku bihurtu behar ez izatea defendatu du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak.

Horren ordez, berriro ere BBK, Kutxa eta Vital erakunde bakar batean biltzeko proiektua sustatzea eskatu du EAJk. Ideia hori bultzatzeko mugimenduak ere martxan jarri ditu. Besteak beste, PSE-EEren aurrean bide horren alde egitea eskatu dio Elena Salgado Ekonomia ministroari.

Espainiako Gobernuak aurkeztuko duen erreformari begira, jeltzaleek ohartarazi dute ez dutela alde bozkatuko ez bada hiru kutxak elkartzeko urratsik egiten. Salgadok, berriz, euskal kutxek bateratzeko edozein formula zabalik dutela azaldu du, hala nahiko balute.

Jaurlaritza, kontra

Eusko Jaurlaritzak, PSE-EEk eta PPk Araba eta Bizkaiko kutxak elkartzeko ekimena defendatzen dute oraindik ere. Horren haritik, Salgadok PSE-EEri aholkuak emateko aukera duela onartu bai, baina azken hitza EAEko sozialistek izango dutela ziurtatu zuen atzo Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Agirreren ustez, EAJk hiru kutxen agintaritza organoetan duen pisua «gehiegizkoa» da, eta, hori dela eta, ohiko bateratze ekimen batek «arazo politikoak» eragin ditzake. Fusio hotzaren bidea ontzat jo zuen Agirrek, «azkarra eta zehatza» delako eta beste bideak denbora gehiago eskatuko lukeelako. PSE-EEko eta PPko ordezkariek antzeko argudioak erabili zituzten, eta EAJri «alderdikeriaz» aritzea egotzi zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.