Nafarroan lehenbiziko aldiz, enpresa batek konpromisoa hartu du kontratatutako langileen erdiak emakumeak izateko. KYBSEmetalgintzako enpresak hartu du konpromiso hori. LABek «historikotzat» jo du erabakia, Iruñeko egoitzan emandako prentsaurrekoan. «Zuzendaritzarekin ez dugu ia arazorik izan», azpimarratu du Txus Mangadok, KYBSE enpresako LABeko ordezkariak.
Sindikatuak 2001. urtean jarri zuen martxan berdintasun plana. Hainbat sektoretako enpresei genero berdintasuna bultzatzeko neurriak hartzea proposatu zien. Industrian, AP Amortiguadores (orain, KYBSE) aukeratu zuten. «Hasierako emaitzak ez ziren oso baikorrak izan», aitortu du Mangadok; «lehenengo lorpena, metalgintza ikasten ari ziren emakumeak gure enpresan praktikak egiten jartzea izan zen. Ondoren, kontratua egin zitzaien, egungo lanpostu zerrendan sartuz».Ekainean, LABek beste pauso bat ematea erabaki, eta kontratatutakoen erdiak emakumeak izatea proposatu dio zuzendaritzari. Enpresak onartu egin du.
Sektore maskulinizatua
«Metalaren sektorea oso maskulinizaturik dago», esan du Miren Condek, Nafarroako LABeko emakumearen arloko arduradunak. Condek, Volkswagenen egoera salatu du: «Metaleko enpresa gehienek, Volkswagen enpresak kasu, aitzakiak jartzen dituzte emakumeak hartzeko, metalgintzan sartzea zaila dela aipatuta». Erabaki honekin hori horrela ez dela argi gelditu dela gaineratu nahi izan du.
«LAB sindikatuak urteak daramatza erronka honen alde lan egiten», adierazi du Condek. KYBSE enpresakoa aurrerapausotzat hartzen du sindikatuak. Hala ere, erantsi du oraindik berdintasunaren esparruan lan asko dagoela egiteko. «Gaur egungo enpresak edukirik gabeko berdintasun planak ezartzen ari dira, plan errealak negoziatzeko borondaterik ez daukate. Instituzio zein botere politikoen utzikeria eta nagikeria ere salatzen dugu». LABek bide horretan lanean aritzeko konpromisoa duela berretsi du.
KYBSE enpresak kontratatutako langileen erdiak emakumeak izango dira
LABek «historikotzat» jo du erabakia, eta Nafarroako enpresa gehiagok bide beretik jotzea espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu