La Roja eta La Vuelta Euskal Herrian bueltan nahi dituzte PPk, PSE-EEk eta UPDk. Normaltasuna bueltan nahi dutela badiote ere, nekez dago gai hori herritarren lehentasunen artean. Madrilgo Ibex-35ean, berriz, aspaldian dira irabaziak bueltan, baina normaltasunik bat ere ez. Akzio salerosleak Espainiako ingurune ekonomiko ezkorraz ahaztuta daudela ematen du. Estatu Batuetako txikizkako salmentak eta negozio inbentarioak handitu izana hartu zuten aitzakia atzo akzioak %1,01 igo eta urteko gehienezko langa erdiesteko: 11.986 puntu. Espainiak urte eta erdi darama atzeraldi ekonomikoan; hala ere, martxoaren 9tik %75eko igoera pilatu du, eta susperraldi ekonomikoa badatorrela ziurtasun osoz aurreratu dute. Blue chip-ek irabazien normaltasuna ospatu zuten: BBVAk eta Santanderrek % 1,67 eta %1,42 gora egin zuten, eta Telefonicak %0,6, GVT brasildarra erosteko saioan Vivendik (-%2,57) aurre hartu bazion ere. OHL eraikuntza enpresa %5,93 igo zen
Metrovacesa. Dena ez da zoriona burtsan. Metrovacesa higiezin enpresak (-%0,05) 788 milioi euro galdu ditu urte hasieratik, eta iaz epe berean pilatutako zenbaki gorriak 19 bider handitu ditu. Etxegintza sektorearen gehiegikeria aje latza uztekotan da. Enpresak aitortu du galeren 674 milioi bere aktiboek jasan duten gainbeheragatik izan dela. Adierazgarria da Metrovacesaren akzio gehien dutela sei finantza erakundek. Enpresaren tituluek urtebetean jasan duten gainbehera dela-eta, gutxienez 1.600 milioi euroko galera utziko die banku eta kutxa horiei.
La Vuelta bueltan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu