LAB Ainhoa Etxaideren aukera aztertzen ari da idazkari nagusi posturako

Rafa Diezek urtebete barru utziko du kargua, eta sindikatuaren buru lehen aldiz emakume bat izan daitekeela esan du gaur BERRIA.INFOren elkarrizketa digitalean.

2007ko apirilaren 26a
16:08
Entzun
Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusiak gaur BERRIA.INFOn jakinarazi duenez, Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiordea izan daiteke hurrengo urtetik aurrera bere postuan jar daitekeena. BERRIA.INFOren elkarrizketa digitalean hartu du parte Diezek, eta Aingeru Ruiz irakurlearen galderari ("Emakume bat jarriko dute LABen zure ordez?") erantzunez, Etxaideren aukera "kudeatzen" ari direla adierazi du. "Une honetan sindikatuaren planak direla-eta, hurrengo idazkari nagusia izateko orain idazkari nagusiordea den Ainhoa Etxaideren aukera kudeatzen ari gara, eta, beraz, LABen hurrengo idazkari nagusia emakume bat izan liteke. Hori klase sindikatuetan lehen aldia litzateke".

LABentzat "oso garrantzitsua" izaten ari da sindikatuaren barruan aukera berdintasun plan estrategikoa -herenegun Emakunderen aitortza jaso zuten- . "Gogoratu behar da une honetan exekutiboan bost gizon eta bost emakumezko garela", esan du Diezek.

Urtebete barru bukatuko zaio Diezi LABen idazkari nagusi postuaren epea, eta "garbi" du orduan utziko duela kargua. "Ez dut erabakita nola jarraitu nire militantzia politiko eta soziala. Dena den, nire bizitza ezker abertzaleko proiektuaren baitan kokatuta dago eta nire militantziarekin jarraitzeko borondatea daukat".

Gai sozial, ekonomiko eta politikoez ere aritu da LABeko burua gaur BERRIA.INFOren elkarrizketa digitalean. Hain zuzen, LABek biharko 12:00etatik 13:00etara lanuztea dauka deituta Prekarietateak, azpikontratazioak, lan erritmoak... hil egiten dute. Hau aldatu behar dugu! Aski da! lelopean. "Faktore estrukturalak dira lan istripuak sortzen dituztenak. Ekoizpen sistemak eta kontratazio ereduak dira lan istripuetarako iturri nagusiak", esan du Diezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.