LAB, CCOO eta UGT ados jarri dira patronalarekin Gipuzkoako papergintzan

Langileek akordiorako oinarria berretsiz gero, urtebeteko gatazka itxiko dute. ELA ez da batu, baina oihalgintzako hitzarmena sinatu du Araban

Oihan Vitoria.
Donostia
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtebetetik gora negoziazio, greba deialdi eta lanuzte frankotan kateatuta egon ondoren, papergintza sektoreko lan hitzarmena berritzeko akordiorako oinarria egin dute Gipuzkoan, eta sindikatu gehientsuenen oniritzia lortu du. LAB, CCOO eta UGT ados paratu dira Adegirekin sei enpresa eta mila langile inguru enplegatzen dituen sektoreko ituna eguneratzeko. Gipuzkoako patronalak ohar batean nabarmendu du akordiorako oinarriak «egonkortasuna» emango diela bai enpresei eta bai sektoreari, egunero merkatuaren aldaketa etengabeen eta globalizazioaren kontra dituzten «erronkei» aurre egiteko. ELA izan da itunari bizkar eman dion sindikatu bakarra. Ez du lehenbiziko aldia: 2012an sinatutako hitzarmenera ere geroago batu zen; ordezkarien %40 ditu.

Hamabost bilera behar izan dituzte korapilo gaiztotua askatzeko. Ez atzera ez aurrera, blokeatuta ekin zieten hizketaldiei, eta hurreratzen hasteko lehen hazia jarri zuten atzoko negoziazio mahaian. Papergintzako ituna «mugagabea» dela argitu du Adegik, eta aurreakordioa soilik eranskinei dagokiela. Langileek patronalaren proposamena onartzekotan, itunak lau urte iraungo du. «Balorazio ona» egin dute aldeek, eta hilaren 25erako egin nahi dute ofizial behin betiko ituna.

Datozen egunotan enpresetan egingo diren batzarretan beharginek akordiorako oinarria onartuko balute, 2015-2018 epean KPIaren araberako soldata igoera edukiko lukete. «Geneukanari eutsi diogu eta soldatak KPIaren gainetik hobetu ditugu», nabarmendu du LABek. Gehienez ere %1,5eko igoerak hitzartu dituzte: 2015. urteari dagokion soldatan %1 izango da gorakada; 2016an eta 2017an, KPIa gehi %1,5; eta 2018an, KPIa gehi %1,25. Lanaldian ez da aparteko moldaketarik izango, eta lau urterako ituna izan arren, ez dute erabat baztertu luzatzeko aukera.

Patronalak eginiko lehen proposamena «irauli» dutela nabarmendu du sindikatu abertzaleak: «Aurreko negoziazioetan erdietsitakoa kendu nahi izateaz gain, gure lan baldintzak kaskartu nahi zituen». Azkenean, hala ere, fruituak lortu dituzte: besteak beste, gaixotasun lizentzia hobetzea.

Gehien katramilatu diren eskariei ere jaramon egin diete. Soldata erregimena jarri ez eta enpresaren batek enpresa hitzarmenetik irten nahi izatekotan, sindikatuekin hitzartu beharko du nahitaez. «Aurre egin diogu erreformari: borrokaren ordaina da». Eredu izan daitezkeela uste du CCOOk.

Bestela ikusten du ELAk, itunak ez dielakoan enpresei trabarik jartzen ituna ezarri nahi ez dutenean. Soldata igoeren truke sindikatuek erreformaren kontrako klausulei uko egin dietela salatu, eta azaroko sei greba egunetik beste hiru sindikatuek «desmobilizatzeko egin duten lana» deitoratu du. ELAren aburuz, LAB, CCOO eta UGTk «amore eman» dute Adegiren aurrean, «blindajerik gabeko» ituna izenpetuta. Arrazoia: «Konpainiek edukiak ez ezartzen jarraitu ahalko dutela, berme juridikorik ez dagoelako».

Gipuzkoako papergintzan ez, baina Arabako oihalgintzan hiru urterako ituna izenpetu du ELAk. Denden lizentziak hobetzea, enpresen alde bakarreko erabakiak debekatzea, lanaldiak egonkortzea, %1era arteko soldata igoerak eta plusak adostu dituzte; %65eko ordezkaritza du ELAk sektorean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.