Ekonomia

LAB: “Egungo Bilbo elite batzuen esku dago, eta ez langile klasearen zerbitzura”

Bilboko hainbat lan zentroren parean kontzentrazioak egin ditu sindikatuak prekaritatearen errealitatea azalera ateratzeko.

Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko azaroaren 24a
13:03
Entzun

Bilboko buru osasunerako zentroa, Dominos Pizza, Carrefour supermerkatua, Azkuna Zentroa, Bizkaiko Foru Aldundia, Abandoko tren geltokia eta udaletxea. Geldiune horiek izan dituzte gaur goizean LABek prekaritatearen mila alderdiak azaleratzeko egindako mobilizazioan. Salatu dutenez, “egungo Bilbo elite batzuen esku dago, eta ez langile klasearen zerbitzura”. Eta, hori horrela izanda, “enplegu prekarioa koktel horren osagai nagusia da”. Lan zentro prekarioak azalera atera nahi izan dituzte horrela, “eta errealitate sozial prekarioak seinalatu”. LABek Euskal Herri osoko hainbat herritan egindako mobilizazioetan errealitate horiek erakutsi nahi izan ditu, eta salaketa hori Bilbora iritsi da.

Buru osasuneko zentro parean hasi dute ibilbidea, eta bertan egindako geldialdian, langileen lan baldintzak hobetu eta langile gehiago kontratatzeko eskaera egin dute bertan bildutako kideek. Dominos Pizzaren atarira joan dira handik, eta “janari azkarraren ereduak ostalaritza tradizionalean duen eragina” salatu dute. Bertako langileen lan baldintza kaskarrak ere azalera atera nahi izan dituzte. Carrefour supermerkatu katearen denda baten parera joan dira hortik, eta esan dute “merkataritza gune handiek txikiei egiten dieten eragina nabarmena" dela Bilbok garatu duen ereduan. Horretaz gainera, nazioarteko itunek zeresan handia dute eredu ekonomiko honen aldaketan, eta, horregatik, CETA eta TTIP itunak salatzeko aprobetxatu dute geldialdi hori. Eta, handik, Azkuna zentrora. Bertan, azpikontratazio bidez lan egiten duten langile ugari daudela adierazi dute, “Bilbon ohiko errealitatea da, eta langileek sufritzen dutena”. Eredu horren jarraipen gisa ikusten du sindikatuak foru aldundiaren politika, eta, horregatik, hara jo dute ostean. Baina, horrez gain, obra publikoetako “lan baldintza kaskarrak” salatu dituzte Abandoko tren geltoki parean. “Gainera, AHTak Bilbon izango duen sarbidea espekulaziorako erabiliko dute”. Azken geltokia udaletxean egin dute, eta etxez etxeko laguntzan diharduten langileen aldarrikapenak euren egin dituzte.

Prekaritatearen mila alderdiak erakusteko bidean, gaur arratsaldean Guggenheim museoaren parean argazki erakusketa bat jarriko dute, errealitate horiek erakusteko. Eta ez da ausaz aukeratutako lekua, “Guggenheimen berotasunean hazitako hiri eredu honek ez dituelako langileen beharrak asetzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.