Enpresak

LAB: «Enpresen segurtasun plan gehienak onartezinak dira»

Sindikatuak Lan Ikuskaritzan eta Osalanen jarritako salaketa gehienek ez dute erantzunik izan.

Eulate Zillonizaurrekoetxea LABeko industria ataleko zuzendaria. LAB
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 27a
12:37
Entzun

LABek ziurtatu du «erabateko porrota» izan dela jarduera ekonomikoa berriro abian jartzeko Eusko Jaurlaritzak onartutako gida.

Sindikatuak industriako enpresetan aurkeztutako 160 segurtasun plan aztertu ditu, eta gehien-gehienak «onartezinak» iruditu zaizkio, Eulate Zillonizaurrekoetxea Industria federazioko idazkariak azaldu duenez. Aztertutako planen %11k soilik jaso dute LABeko osasun teknikarien oniritzia, eta beste %20tan zuzenketak aurkeztu ditu sindikatuak.

Gainontzekoekin haserre azaldu da Zillonizaurrekoetxea. Planen %34 ez dira nahikoa langileen osasuna bermatzeko; %35, berriz, Jaurlaritzak aurkeztutako gidaren «ebaki eta kopiatu hutsak» dira. Plan gehienetan neurri generiko asko eta zehaztapen gutxi izan direla gaineratu du.

LABek dozena bat salaketa jarri ditu COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak betetzen ez zituzten enpresen aurka, baina salaketa gehienek ez dute erantzunik izan. Beste batzuetan, berriz, «eskuduntzarik» ez zutela erantzun diete. Sindikatuak uste du langile eskasia handia dagoela Lan Ikuskaritzan eta Osalanen, eta ez dituztela bisitak egiten salatutako enpresetara.

Enpresaz enpresa

Horiek horrela, Zillonizaurrekoetxeak uste du salaketen bideak ez duela «ezertarako balio». Enpresaz enpresako borrokaren bitartez lortu nahi du segurtasun neurriak betearaztea.

Jaurlaritzari eskatu dio «erantzukizunez« jokatzeko eta enpresen egoera erreala jakiteko lan egin dezan: «Zer gertatzen ari den jakiteko eskubidea dugu». Arauak hautsi dituzten enpresetan zer gertatzen den ere jakin nahi du sindikatuak.

Gasteizko gobernuari leporatu dio lehentasuna ematea enpresa handien interesei. «Eusko Jaurlaritzak aukera galdu du ezohiko neurriak hartzeko langileen osasuna bermatzeko, baina patronalaren eskutik jarraitzea erabaki du».

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.