Euskal Herrian oposizio handia izango du enplegu publikoa egonkortzeko Madrilen lotutako proposamenak. Miquel Iceta Espainiako Funtzio Publikoko ministroak proposatutakoak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen babesa lortu du, baina ez, ordea, Hegoaldeko administrazio gehienetan gehiengoa duten sindikatuena.
Atzo, Madrildik bertatik, akordioa «oso larria» zela adierazi zion BERRIAri Igor Eizagirre ELAko negoziatzaileak. Gaur, berriz, LAB izan da haserre azaldu dena. «Aldaketek ez dute amaiarazten Hego Euskal Herriko milaka langileren prekaritate egoera, eta, espero bezala, ez ditu kontuan hartzen euskal administrazioen errealitatea eta beharrak».
LABek ez zuen askorik espero Icetak atzo sindikatuekin izandako bilerari buruz. «Euskal enplegu publikoaren arazoei irtenbidea ematea ez zen araudi zentralistetatik edo epaitegietatik iritsiko, baizik eta [...] negoziazio kolektiboaren bidez eta euskal erakundeek, errealitate espezifikoa eta gure administrazioen beharrak kontuan hartuta, beren ahalmen legegile osoa garatzeko daukaten aukera gauzatuz».
Sindikatuak Espainiako Gobernua bera egin du gaur egungo behin-behinekotasun handiaren arduradun, hainbat urtez aurrekontuak murriztu dituelako eta gastuak murrizteko ez dituelako ordezkatu erretiroa hartu duten milaka langile publiko. «Orain, Europako eskakizunari erantzuteko helburu bakarrarekin egin dituzte aldaketa hauek, aldi baterako langileen artean are babesgabetasun handiagoa sortuta, beren lanpostuak arriskuan jarriko direlako konpentsazio ekonomiko irrigarri batekin eta atzeraeraginezko izaerarik gabe».
Negoziazioa, Iruñean eta Gasteizen
«Madrildik etorritako esku hartzeen» aurrean, LABek aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak erabaki behar dutela nola txikitu behar diren administrazio publikoetako behin-behinekotasun tasak. «Alde batera utzi behar dira nahikoak ez diren proposamenak, adibidez, EAJk oraindik mantentzen duen Kidego eta Eskalen legea». Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die lege berri bat prestatzea, eta sindikatuekin negoziatzea.
Bi baldintza bete beharko lituzkete euskal legeek. Lehenik, «tokian tokiko negoziazio prozesuen bitartez, lanpostu estruktural guztiak identifikatu eta lanpostuen zerrendan sartzea, gaur egungo iruzurrean dauden lanpostu guztiak aitortzea ezinbestekoa delako».
Bigarrenik, «salbuespenezko egoera bati, neurriko irtenbidea negoziatu. Administrazio ezberdinetan enplegua egonkortzeko beharrezkoak diren salbuespeneko neurriak negoziatu behar dira, errealitate ezberdinak kontuan hartuta: adina, antzinatasuna, sarbide mota, feminizatuta dauden kolektiboak».