Irailaren 26a gerturatzen doan heinean, gero eta gehiago dira greba orokorrarekin bat egiteko deiak. LABek «herritarrei erabakitzeko aukera ematea» aldarrikatu zuen atzo goizean Donostian; arratsaldean, berriz, hainbat lagun Iruñean elkartu ziren, Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka eta herritarren eskubideen alde. LABekin batera, Hego Euskal Herrian grebarako deia egin dute ELA, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 50 eragile sozialek.
Raxoiren gobernuak hartutako azken neurrietatik harago, «etorriko diren erreformen aurka» kalera irteteko eskatu die herritarrei Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak: «Dagoeneko iragartzen ari zaizkigu pentsioetan eta laguntzetan atzerapausoak emango direla». Dirua egon badago. Hala uste du Etxaidek. Arazoa, ordea, diru horrekin egindako kudeaketa da: «Bankuen arazoak gure diruarekin konpontzea erabaki dute, diru hori ekonomia berpiztu eta eredu soziala indartzeko erabili beharrean». Espainiak Europatik jasotakoak ez dira «behartuta» hartu beharrekoak, Etxaideren iritziz. «Nahi dutelako hartu dituzte». Ondorioa: «herri oso bat miseriara kondenatzea».
Gobernuak hartutako bide horretatik aldentzeko eta beste bide bat irekitzeko aukera ikusten du LABek, beste politika baten bitartez. Hori egin ahal izateko, akordio politiko bat lortzeko eskatu die Euskal Herriko alderdi eta erakundeei, Espainia negoziatzen ari den esku hartzetik «babesteko» baliagarria izango dena. Behin hori lortuta, egin behar denaren inguruko erabakia «herriaren esku» utzi, eta horren araberako bide bat egin behar du Euskal Herriak, LABen ustetan. Espainiaren norabidea salatzeko, Greziari begira jarri da Etxaide: «Grezian ikus daiteke argi eta garbi esku hartze batek irtenbidetik aldetuko gaituela; gainera, horrek gure etorkizuna goitik behera baldintzatuko du».
Deialdiak hilaren 22rako
Sindikatuen asmoa da Espainiaren erreformak ez aplikatzeko ahaleginak ez daitezela soilik hilaren 26ko greban pilatu. Hori horrela, aurretik ere hainbat deialdi egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hilaren 22rako manifestazioak iragarri dituzte Donostian (17:30), Bilbon (17:30) eta Gasteizen (19:00). Nafarroan astelehenetik ostiralera bitarte martxa bat antolatuko du LABek, «aldaketa politiko eta soziala» eskatzeko. Martxa Iruñean hasi eta amaituko da, eta hainbat herritatik igaroko da; tartean dira Burlata, Noain, Zizur, Berriozar eta Antsoain.
CCOO eta UGT alderdiek ez dute bat egin hilaren 26ko greba deialdiarekin, baina gaur Madrilen izango dira, PPren neurriak salatu eta «ongizate estatuaren alde» agertzeko.
LAB: «Utz dezatela erabakia herriaren esku»
Irailaren 26ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin die Etxaidek herritarrei Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu